EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Ceutako krisia ikuspegi humanitario, sozial eta politikotik aztertu du ostegun honetan, eta ohartarazi du larrialdi-egoera batek ere ezin duela justifikatu eskubideak eta bermeak etetea. Pedro Sanchezen agerraldiaren ondorengo eztabaidan, egoerari aurre egiteko baliabideak eta haren ondorio politiko eta nazioartekoei buruzko azalpenak eskatu ditu.
«Ceutan gertatutakoa krisi humanitarioa da. Humanitarioa», azpimarratu du Aizpuruak, eta hildako 140 pertsonak ekarri ditu gogora: «140 pertsona, dirudienez, balio oso gutxi dutenak. Oso gutxi».
Bozeramaile subiranistak defendatu du migrazioaz hitz egiteak milioika pertsona beren jatorrizko lekuak uztera behartzen dituzten arrazoiei ere heltzea eskatzen duela: pobrezia, gerra, jazarpena edo etorkizunik eza. «Beren lurretan bizi-baldintza duinak izatea ukatzen zaie, eta aldi berean hona haien bila etortzea errefusatzen zaie. Hipokresia hutsa da», salatu du.
Aizpuruak, gainera, beste herri batzuen baliabideen, lanaren eta aberastasunaren ustiapenean oinarritutako sistema ekonomikoaren erantzukizuna azpimarratu du. Gogorarazi du errealitate horrek Euskal Herria ere zeharkatzen duela, eta honezkero pertsona gehiegik galdu dutela bizia Bidasoan.
Aizpuruak, halaber, krisia «tentsioa, gorrotoa eta enfrentamendua helburu politikoekin elikatzeko» erabiltzeko saiakera salatu du, baita migrazioa, «internazional erreakzionarioaren zutabea» dena, konfrontazio publiko eta sozialaren erdigune bihurtzeko asmoa ere.
Testuinguru horretan, kazetarien aurkako erasoak salatu ditu eta PPri «munstro oso arriskutsu bat» elikatzea egotzi dio. «Bloke bakar batean mimetizatzen ari dira, argi eta garbi faxistak diren estrategia eta helburuekin», ohartarazi du.
Era berean, eskuinen neurgailu kontraesankorra azpimarratu du: 2.000 adingabe inguru hartzeari uko egiten duten bitartean, hiru asteko epean Ukrainatik zetozen 80.000 pertsona hartzearen alde agertu ziren. «Batzuk europarrak ziren, besteak ‘moroak’. Batzuk zuriak eta ilehoriak ziren, besteak ez. Horri arrazakeria deitzen zaio, jaun-andreok. Arrazakeria», salatu du.
Aizpuruak Espainiako Gobernuaren erantzuna ere zalantzan jarri du, eta «onartezintzat» jo du, hilabete baino gehiago igaro ondoren, ehunka pertsonak Ceutako kaleetan bizirauten jarraitzea, muturreko zaurgarritasun-egoeran.
Esparru politiko eta internazionalari begira jarrita, Aizpuruak baztertu egin du Ceutan gertatu moduko sarrera masibo bat sare sozialen bidezko mobilizazio espontaneo baten ondorio hutsa izan daitekeenik, eta Marokok jokatutako papera argitzeko eskatu du.
«Ez da katamotza izan behar jakiteko ekuazio horretan falta den elementua Maroko dela», adierazi du, Sanchezek Estatu Batuak, Israel, Errusia eta nazioarteko eskuin muturreko sareak aipatu dituela gogorarazi ondoren.
Era berean, Aizpuruak desegonkortze politiko eta sozialerako estrategia zabalago baten barruan kokatu du gertatutakoa. Haren iritziz, Estatu Batuek eta Israelek, «Maroko exekutatzaile gisa» erabilita, bilatzen zituzten helburuetako batzuk lortu dituzte: gizarte-konfrontazioa elikatzea, eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak deslegitimatzea eta Europako barne-zatiketak sakontzea. «Konfrontazio politiko eta sozial bat bilatzen zen. Eta lortu da. Eskubideetan oinarritutako migrazio-politikak deslegitimatu nahi ziren, migrazio-politika erreakzionarioen mesedetan, eta hori ere lortu da», adierazi du.
Aizpuruak esan du ulertzen duela Espainiako Gobernuak krisi berriak eragiteko gaitasuna duen erregimen baten aurrean zuhurtziaz jokatzea, baina «onartezintzat» jo du zuhurtzia horrek Maroko erantzukizunetik salbuestera eta «bazkide fidagarri» gisa aurkeztera eramatea, gertatutakoan izan zezakeen inplikazioari buruzko zantzuak daudenean.
Bozeramaile subiranistak Espainiako Gobernuak Marokorekin duen estrategia eta Mendebaldeko Sahararekiko egindako norabide-aldaketa ere auzitan jarri ditu. Sanchezi leporatu dio «Maroko asetzeko, saharar herria abandonatu eta autodeterminazio eskubideari uko egin izana». Horregatik, Marokorekiko jarrera «berriz kalibratzeko eta Sahararekin egindako akatsa zuzentzeko» eskatu dio.
Marokoren erantzukizuna iradokitzen duten polizia-txostenen aurrean, EH Bilduko bozeramaileak Sanchezi eskatu dio argitzeko Gobernuak zer zekien eta noiz jakin zuen. «Poliziak Marokoren inplikazioari buruzko informazio garrantzitsua ezkutatu al dio Gobernuari? Edo epaile batek? Edo CNIak?», galdetu du.
Aizpuruak ohartarazi du egoera posibleetako edozein dela larria, eta presidenteari gardentasunez jokatzeko eskatu dio: «gertatutakoa, dakitena eta ez dakitena» azaltzeko eta dagozkion erantzukizunak argitzeko.
Segurtasun-logikan, bazterketan eta eskubideen murrizketan oinarritutako erantzunen aurrean, EH Bilduk elkartasunean, pertsonen babesean eta nazioarteko zuzenbidearen errespetuan oinarritutako migrazio-politika defendatu du. Aizpuruak aldarrikatu du larrialdi-egoerek ezin dutela bermeak murrizteko edo migratzen duten pertsonen deshumanizazioa normalizatzeko aitzakia izan.
Esparru horretan, Euskal Herria harrera-herri gisa kokatu du, eta giza eskubideetan, duintasunean, harreran eta inklusioan oinarritutako eredu propioa eraikitzeko aukera defendatu du. Horretarako, migrazioaren arloko gaitasun eta eskumen guztiak aldarrikatu ditu: «ez unean uneko Espainiako Gobernuak erabakitako politikak kudeatzeko, baizik eta geure erantzuna erabaki eta garatu ahal izateko».
Aizpuruak ohartarazpen zabalago batekin amaitu du: gaur migratzaileen deshumanizazioa normalizatzeak atea zabaltzen du bihar beste kolektibo batzuk ere beren ideologia, genero, sexu-orientazio, erlijio edo klaseagatik seinalatuak izan daitezen. «Historiak erakutsi digu», ohartarazi du.
Horregatik, euskal gizarte osoari dei egin dio elkartasunetik, duintasunetik eta gizatasunetik erantzuteko: «Guri ere, euskaldunoi, egoera honi erantzutea dagokigu. Egin dezagun, bada».