EH Bilduk positiboki baloratu du Mendekotasun Legearen erreforma onartu izana. Arau berriak milaka pertsonaren eta familiaren bizitza hobetuko duten aurrerapausoak jasotzen ditu, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen egiteko egungo zaintza sistema eraldatzeko.
Tramitazioan zehar, EH Bilduk zaintzaren eta desgaitasunaren arloko elkarte eta kolektiboekin batera lan egin du, eta hogei bat zuzenketa txertatzea lortu du.
Aurrerapauso nagusien artean dago mendekotasunaren balorazioa egiteko gehienezko epea hiru hilabetera mugatzea, beharrezko baliabideetara iristea baldintzatzen duten itxaronaldiak murrizteko. «Itxaronaldi horiek murriztea justizia kontua da eta, batez ere, duintasun kontua», adierazi du Marije Fullaondo diputatuak.
EH Bilduk, halaber, plazen titulartasunari buruzko gardentasuna indartzea lortu du, plaza publikoak eta pribatuak argi bereiziz, eta prestazio ekonomikoaren behin-behinekotasuna jasotzea, plaza publikorik erabilgarri ez dagoen bitartean. Erreformak, gainera, laguntza pertsonala eskubide gisa aitortzen du, eta genero ikuspegian zein zaintzaile diren pertsonen aitortzan aurrerapausoak jasotzen ditu.
«Lege hau ez da perfektua, baina aurrerapausoa da. Milaka pertsonaren bizitza hobetu dezakeen urratsa, eta zaintza sistema publiko, bidezko eta eskubideetan oinarritua eraikitzen jarraitzeko bidea zabaltzen duena», defendatu du Fullaondok.
EH Bilduren ustez, erreforma hau onartzeak ez du zaintzari buruzko eztabaida itxi behar; aitzitik, etapa berri bat ireki behar du. Oraindik ere hainbat gai daude konpontzeke, hala nola prestazioen atzeraeragina, kopagoa kentzea, behin-behineko mendekotasun egoerak aitortzea edota hainbat kolektiborekin dauden zor historikoak konpontzea. «Zaintzea erantzukizun soziala da, eta zaintzak bermatzea erakunde publikoen erantzukizuna da», azpimarratu du Fullaondok.
Indar subiranistak lanean jarraituko du zaintza sistema publiko, nahikoa, unibertsal eta kalitatezko baterantz aurrera egiteko; pertsonen eskubideak eta autonomia bermatuko dituen sistema baterantz, zaintzaren pisua familiengan eta, bereziki, emakumeengan utzi gabe.
«Zaintzak behar dituena zainduko duen gizartea eraiki nahi dugu. Eta zaintzen duena ere zainduko duena», nabarmendu du Fullaondok.