EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruak lan-arloko neurri sorta anbiziotsua eskatu dio asteazken honetan Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteari, langile klasearen erosahalmena eta eskubideak berreskuratzeko.
Kontrol saioan, datu makroekonomiko onak eta enpresen etekin errekorrak milioika langileren eguneroko errealitatearekin kontrajarri ditu Aizpuruak. «Badirudi aberastasun handia sortzen ari dela, bai, baina aberastasun hori esku gutxitan pilatzen ari da eta ez da langile klasearengana iristen», ohartarazi du.
Etxebizitzaren, elikagaien, erregaien edo elektrizitatearen kostuak gorantz ari diren bitartean soldatak erritmo berean hazten ez direla ikusita, EH Bilduk lau neurri zehatz proposatu dizkio Sánchezi:
> 2027an gutxieneko soldata nabarmen igotzea, inflazioaren gainetik, eta batez besteko soldataren %60 lege bidez gutxieneko erreferentzia gisa ezarrita. Halaber, Euskal Herrian bertako errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera aitortzea eskatu dio.
> Kaleratzeengatiko kalte-ordain bidezkoak eta nahikoak berreskuratzea.
> Ordaindu gabeko aparteko orduekin amaitzea, aparteko orduetarako derrigorrezko ordainsari gehigarriak ezarriz eta lanaldiaren erregistro eraginkorra bermatuz.
> Lanaldiaren murrizketa berriz bultzatzea, neurria aurrera ateratzeko beharrezko negoziazio-ahalegin guztiak eginez.
Bere erantzunean, Sánchezek batez besteko soldataren %60 gutxieneko soldataren erreferentzia gisa ezartzeko konpromisoa agertu du, baina ez du EH Bilduk planteatutako gainerako neurrien inguruko konpromiso zehatzik hartu.
«Soldatak igo eta lan-eskubideek aurrera egin dezaten helarazten ditugun proposamenak dira», laburbildu du Aizpuruak, eta determinazio handiagoa eskatu dio presidenteari.
«Egin ezazu», amaitu du EH Bilduko bozeramaileak. «Euskal langileek, baita Estatu honetako eta bertako herrietako langileek ere, kendu zaizkien erosahalmena eta ongizate soziala berreskuratzea merezi dutelako. Eta erreakzionarioei langile klasearentzako eskubide gehiagorekin egiten zaielako aurre».