AKTUALITATEA


| 2024-04-08 17:52:00

EH Bilduren ekimenez, Senatuak elkartasuna eta babesa adierazi dio UNRWAri, Palestinako errefuxiatu eta herritarren alde laguntza humanitario eskaintzen duen Nazio Batuen erakundeari. Gehiengo zabalarekin aurrera atera da EH Bilduren mozioa Senatuko Nazioarteko Lankidetza Batzordean. Gorka Elejabarrieta bozeramailea arduratu da egitasmoa aurkezteaz, eta pozik agertu da mozioa onartzea lortu dutelako: "UNRWA kriminalizatzen saiatu da Israelgo Estatua, eta urrats garrantzitsua da senatarien gehiengo batek laguntzak indartzearen eta handitzearen alde egitea. Genozidioarekin amaitzeko ordua da; bitartean, UNRWAren lana babestu eta indartu beharra dago".

PSOEren hainbat zuzenketa txertatu ondoren, Senatuak Espainiako Gobernuari eskatu dio Europako Batasunean lan egiteko, Estatu kideek eta beste erakunde batzuek UNRWArekin lankidetzan jarrai dezaten. Ildo horretan, senatarien gehiengoa aparteko ekarpenak egitearen alde agertu da, agentziak aurrean duen salbuespenezko egoerari erantzuteko. Egitasmoak 14 senatariren babesa lortu du eta 17k abstentziora jo dute.

Urtarrilaren 26an, Israelek argudiatu zuen Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako (UNRWA) hamabi langilek parte hartu zutela 2023ko urriaren 7ko erasoetan. Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli Palestinako herriaren aurkako genozidioa saihesteko hainbat neurri hartzeko eskatu eta biharamunean egin zuen akusazio hori.


Laguntzak %70 murriztea

Agentziak ikerketa hasi zuen eta bederatzi langile kaleratu zituen prebentzioz. UNRWAk azkar erreakzionatu bazuen ere, funts publikoak erretiratu dizkiote hainbat herrialde esanguratsuk; Kanada, Australia, Japonia, Italia, Finlandia, Erresuma Batua, Alemania, Suitza, Herbehereak, Austria, Estonia, Islandia edo Frantzia bezalako herrialdeek finantziazioa eten diote, eta horrek, agentziaren beraren arabera, diru-sarreren %60 eta %70 arteko murrizketa ekarri du.

Elejabarrietak gogorarazi du egoera benetan kezkagarria dela Gazan, eta premiazko neurriak hartzeko eskatu du. António Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak adierazi zuenez, "Gazan bi milioi zibil daude bizirik, UNRWAk eguneroko biziraupenerako ematen duen laguntzari esker". Agentziak (30.000 langile inguru ditu) ohartarazi duenez, funtsak iristen jarraitzen ez badu, irailean laguntza humanitarioa eten beharko dute. Urriaren 7tik, agentziako 176 langile hil dituzte eta erakundearen 161 instalazio zati batean edo erabat suntsitu dituzte. Milioi bat pertsona inguru daude pilatuta UNRWAren instalazioetan.