AKTUALITATEA


| 2025-07-30 07:21:00

Industriaren elektrifikazioa errazteko laguntza lerro bat martxan jartzea hitzartu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin. Energia Eraginkortasunerako Funts Nazionalaren kontura doan 300 milioi euroko neurria astearte honetako Ministroen Kontseiluan onartu du gobernuak, eta EH Bilduk ekainean Kongresuan onartutako egitasmoaren ildo beretik doa, elektrifikazio industriala bizkortzeko laguntza mekanismo bat jasotzen baitzuen esplizituki proposamenak.

Laguntza ildo hori errealitate da dagoeneko, eta berebiziko garrantzia du euskal industriak aurretik dituen egokitze lanei begira. Zehazki, neurri honek energia aurreztea du helburu, eta, horretarako, laguntza zuzenak emango dizkie industriei (enpresa txiki eta ertainei ere) ekipoak eta prozesuak hobetzeko. Laguntza horiek jasotzeko, enpresek egiaztatu egin beharko dute jarduera horien ondoren gutxienez %10 energia gutxiago kontsumituko dutela.

Kongresuan sistema elektrikoa indartzeko dekretua atzera bota ostean, hori da premiaz hartu beharreko neurrietako bat. Ildo horretatik, Mikel Otero diputatuak gobernuari eskatu dio dekretu horrek autokontsumoa bultzatzeko, industria indartzeko, trantsizio energetikoa bizkortzeko eta elektrifikazioan aurrera egiteko jasotzen zituen neurriak berriro aurkezteko eta Kongresura eramateko. Kontsumitzaile guztientzat positiboak diren neurri horiek ez ziren indarrean sartu hainbat talderen aurkako botoagatik.

Oterok berretsi du, gainera, deskarbonizaziorako bidea industriatik igarotzen dela ezinbestean. «Klima aldaketaren aurka borrokatu nahi badugu, industria deskarbonizatu behar dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da elektrifikazioan eta energia aurreztean aurrera egitea», nabarmendu du, eta gaineratu: «Akuilu izan behar du euskal industriarentzat, batez ere enpresa txiki eta ertainentzat, prozesuak hobetzeko eta energia aurrezteko».

 

Euskal industriari bultzada

Diputatu subiranistak uste du «urrats oso garrantzitsua» dela euskal industriak deskarbonizaziorako eta elektrifikaziorako bidea egiten jarrai dezan, baita Euskal Herriko ekonomiarentzat funtsezkoa den sektore baten oraina eta etorkizuna sendotzeko ere. Hitzartutako neurriak bultzada emango dio Euskal Herriko ehun produktibo, ekonomiko eta soziala indartzeko, etorkizuneko birmoldaketari ekiteko eta klima zein energia helburuak erdiesteko.

Oterok zehaztu du 300 milioiko laguntza lerroa ezinbestekoa izango dela euskal industriak bere oraina eta etorkizuna ziurtatzeko egin behar duen birmoldaketa industrialaren eta elektrifikazioaren helburuan aurrera egiteko. EH Bilduk eskaera horiek defendatzeko jarraituko du datorren ikasturte politikoan, eta ahalik eta azkarren egi bihur daitezen lanean jarraituko du.