German Rodriguez biktima gisa aitortzeko eta 1978ko sanferminetako gertakariak argitzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamena onartu du gaur Kongresuak. EH Bilduk Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiekin adostutako erdibideko zuzenketa bati esker, PSOEk eta Sumarrek konpromisoa adierazi dute egia ezagutzen "laguntzeko", eta Nafarroako Gobernuarekin eta Parlamentuarekin batera lan egiteko, 78ko sanferminei buruzko dokumentu, informazio eta datu guztiak haien eskura jartzeko. Memoria Demokratikoaren Legea betez egingo da German Rodriguezen aitorpen instituzionala.
Kongresuko gehiengo parlamentarioak onartutako egitasmoak "78ko sanferminetako biktimak oroitzeko eta aitortzeko ekitaldi ofizial bat" bultzatzeko beharra jasotzen du, biktimen, 'Sanferminak 78: gogoan' bezalako elkarte memorialisten eta Nafarroako erakundeen parte hartzea bermatuz. Elkarte horiek hainbeste urtetan, oztopoak oztopo, egindako lan nekaezina eta inplikazio berezia nabarmendu du EH Bilduk, bai memoria bizirik mantentzeko eta baita ahanzturari aurre egiteko ere. Era berean, EH Bilduk hitzartu du PSOEk eta Sumarrek "Justiziari laguntzeko prest agertzea" German Rodriguezen heriotzagatik ireki edo berriro ireki daitezkeen balizko prozedura judizialetan.
Dokumentuen desklasifikazioa
Ildo horretan, EH Bilduk gobernua osatzen duten indar politikoen konpromisoa erdietsi du 1968ko Sekretu Ofizialen Legearen moldaketa bultzatzeko, gardentasunean oinarritutako marko juridiko berri batean aurrera egiteko eta dokumentuak desklasifikatzeko, 78ko sanferminetako gertakarien gisako egoeren egia ezagutzeko eta argitzeko.
Horrez gain, 78ko sanferminetako eta 1976ko Martxoaren 3ko biktima elkarteen parte hartzea sustatuko dute giza eskubideen aurkako urraketak argitzeko batzordean, EH Bilduk Memoria Demokratikoaren Legea proposatu eta adostutakoa martxan jarriz. Biktimen elkarteen testigantza, lekukotasun, informazio eta dokumentuekin gauzatuko da parte hartzea.
Kongresuan gaur onartutako egitasmoari esker, EH Bilduk berretsi egin du egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean aurrera egiteko konpromiso irmoa. Gerra Zibilean, frankismoan eta Trantsizioan giza eskubideen urraketen biktima izan diren guztientzat, hala nola 78ko sanferminetako zein Martxoaren 3ko biktimentzat.