AKTUALITATEA


| 2025-07-29 16:53:00

EH Bilduk ospatu egin du, azkenean, bi urte geroago, Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren eliza zaharberritzera bideratutako 600.000 euroko transferentzia gauzatu izana. Hala onartu du gaur Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Iragan otsailaren 26an, Mikel Otero diputatuaren galderei erantzunez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Angel Victor Torresek konpromiso irmoa hartu zuen EH Bildurekin Zaramagako eliza memoria gune izendatzeko (martxoaren 3an gauzatu zuen konpromiso hori) eta EH Bildurekin adostutako 600.000 euroak eskualdatzeko.

Indarrean dauden 2023ko aurrekontuetan EH Bilduren ekimenez txertatutako partida ekonomikoa da hori, baina orain arte ez da gauzatu, Martxoaren 3ko Fundazioaren eraketan izandako atzerapen etengabeengatik. EH Bilduren Arabako diputatu Mikel Oterok balioan jarri du gaurko onarpena eta hitzetatik ekintzera igaro izana txalotu du. "49 urteren ostean, sarraskia isilarazteko eta ahazteko ahaleginen gainetik, Gasteizek eta Euskal Herriak, senide eta elkarte memorialisten ahaleginei esker, bizirik mantendu dute martxoaren 3ko oroitzapena", gogoratu du. Zaramagako elizan hil zituzten 1976ko martxoaren 3an greba egiten ari ziren bost langile.