Kongresua-Senatua

Albisteak

Txertoen patenteen liberalizazioaren alde ager dadila eskatuko dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari


Gorka Elejabarrieta senatariak interpelazioa egingo dio datorren asteartean Arantxa Gonzalez Laya Atzerri ministroari, eta liberalizazioa babestu dezala eskatuko dio hainbat herrialdek Europako Batasunarekin batera egin bezala.

| 2021-05-06 10:31:00

Txertoen patenteen liberalizazioaren inguruko iritzia ematera bultzatuko du EH Bilduk Espainiako Gobernua. Datorren asteartean, maiatzaren 11n, Senatuko kontrol saioan eztabaidatuko den premiazko interpelazio baten bidez liberalizazioaren alde jarrera irmoa hartzera derrigortuko du Gorka Elejabarrieta senatariak. COVID-19aren aurkako txertoen patenteak aldi baterako askatzea sustatzeko eta babesteko exijituko dio EH Bilduren Senatuko bozeramaileak Arantxa Gonzalez Laya Atzerri ministroari. Hain justu, AEBetako gobernua eta Europako Batasuna patenteen liberalizazioari buruz eztabaidatzeko prest agertu direnean. Gaur bertan, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du EB "prest" dagoela patenteen altxamendua eztabaidatzeko.

Azken asteotan Kongresuan, Senatuan, Europako Parlamentuan eta Hego Euskal Herriko bi parlamentuetan aurkeztutako proposamen sorta baten parte da ezkerreko indar subiranistak bultzatutako egitasmoa. EH Bilduk abian jarritako ekimen politiko honen helburu nagusia da erakunde eta gobernuek ezinbesteko neurriak hartzea patenteen aldi baterako liberalizazioa praktikara eramateko halik eta azkarren. "Lehentasuna orain txertatzea, txertatzea eta txertatzea bada, patenteak liberalizatuz txerto gehiago jartzeko aukera biderkatu egingo litzateke eta, gainera, aurrerapauso bat izango litzateke txertaketa erritmoa areagotzeko. Patenteen liberalizazioa egunero milioika txerto ekoizteko, banaketa bizkortzeko eta herritarrak babesteko bide bakarra da", azpimarratu du.

EH Bilduri hitzemandako konpromisoa

Ezkerreko indar subiranistak gogorarazi du Pedro Sanchez presidenteak berak konpromiso zehatza hartu zuela duela hilabete eskas Mertxe Aizpurua bozeramailearekin txertoen patenteen askapenari buruzko eztabaidaren "lidergoa" hartzeko, bai Europako Batasunean, baita Munduko Merkataritza Erakundean ere. Helburu nagusia txertoen ekoizpena, banaketa eta txertaketa areagotzea da. Duela astebete, Iberoamerikako goi-bileraren ostean, Espainiako Gobernuko presidenteak berak berretsi zuen EH Bildurekin erdietsitako konpromiso hori.

EH Bilduk espero du Sanchezen iragarpen positiboa ezerezean ez geratzea, eta hitzetatik harago joatea, hitzez esandakoa ekintza bihurtzeko lehenbailehen. Horretarako, ezinbestekotzat jo du Atzerri ministroa ere patenteen liberalizazioaren alde agertzea publikoki, argi eta garbi, hainbat herrialderen eskaerarekin bat eginez. "Berriro ere gure prestutasun osoa adierazten diogu modu bateratuan lan egitea proposamen hau lantzeko eta babes politiko eta sozial handiena lortzeko. Espero dugu aukera izatea proposamen honetan lehenbailehen lan egiteko eta patenteen liberalizazioa errealitate bihurtzeko", gaineratu du EH Bilduk.

Nazioarteko bultzatzaileekin bilerak

EH Bilduren arabera, "premiazkoa" neurri humanitario hori martxan jartzea, interes publikoko funtsezko ondasun gisa txertoak farmazeutiken interesen eta xantaien menpe egon ez daitezen. Neurri horri esker, EH Bilduk uste du posible izango litzatekeela enpresa handien arau hauste eta atzerapenek eragindako txerto eskasiari aurre egitea. Liberalizazioak askoz azkarrago ekoitzi eta banatzeaz gain, txertaketa areagotzea ahalbidetuko luke maila globalean. "Pandemia honekin amaitzeko eta milaka eta milaka bizitza salbatzeko formula bakarra dela deritzogu. Hori izan behar da guztion lehentasunezko helburua, eta horregatik deitzen diegu indar politiko guztiei eta gobernuei bide hori bultza dezaten, egun bat gehiago galdu gabe", azaldu du.

Era berean, patenteen aldi baterako liberalizazioaren alde nazioarteko bultzatzaile nagusi diren heinean, Indiako eta Hegoafrikako enbaxadetako ordezkaritzekin bilerak egingo ditu aurrerantzean EH Bilduk. Orotara, 100 herrialde baino gehiagok eta gobernuz kanpoko erakunde ugarik eraman dute aldarrikapena Munduko Merkataritza Erakundera: "Eta hori guztia egiten dugu uste dugulako horrelako larrialdi-egoera batean, pairatzen ari garen krisi sanitario eta humanitario baten erdian, berebiziko garrantzia duen eta oso premiazkoa den neurria dela pandemiaren eta haren ondorio sanitarioak eta ekonomikoak lehenbailehen amaitzeko".