AKTUALITATEA


| 2025-10-14 17:03:00

Basozainei erretiro aurreratua hartzeko aukera emango dieten koefiziente murriztaileak onartu ditu gaur Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Araudia duela urte erditik indarrean egon behar zen arren, EH Bilduk txalotu egin du baso-suhiltzaileei zuzendutako dekretuak sortutako segurtasun falta eta ziurgabetasunari amaiera ematea, eta ontzat jo du gobernuak azkenean basozainen erretiro adina aurreratzeko aukerari bide eman izana. Neurri horrek zor historikoa kitatu du basozainekin, eta duela aste gutxi EH Bildurekin hartutako konpromisoa betetzea dakar.

«Gobernuari prozesua arintzeko eskatu genion, garaiz kanpo geundelako. Ezin zen gehiago atzeratu. Berri ona da kolektibo honek, azkenean, legean jasotako konpromisoa aitortua ikustea», ziurtatu du Mikel Otero diputatuak, egiten dituzten lanen arriskua eta nekea gogoraraziz.

Zehazki, irailaren 24ko kontrol saioan, Elma Saiz ministroak Oterori zuzenean hitzeman zion koefiziente murriztaileak ahalik eta azkarren onartuko zituela; iragarpen hori astearte honetan gauzatu da. EH Bilduk erne eta lanean jarraituko du sektore guztietako lan-baldintzak duintzeko; are gehiago, ezinbesteko diren lanbideetakoak.

«Gure eskuak luzatuta jarraituko du, EH Bildurentzat garrantzitsua baita zaintzen gaituztenak zaintzea. Suteei aurrea hartzeko, behar bezala prestatutako basozainak behar dira. Haien lana funtsezkoa da. Larrialdiei ematen zaien erantzuna hobetzea, zalantzarik gabe, larrialdia egiten dutenen lan-baldintzak hobetzea ere bada», nabarmendu du Oterok.