AKTUALITATEA


| 2025-10-22 08:37:00

Faxismoari gorazarre egiten dioten ekitaldien inpunitatearekin amaitzeko exijitu dio EH Bilduk Pedro Sanchez presidenteari. Hala mintzatu da gaur Mertxe Aizpurua bozeramailea Kongresuko kontrol saioan. Pedro Sanchezi eskatu dio amai dezala behingoz ekitaldi frankisten inpunitatearekin eta erakundeen permisibitatearekin, eta aplika dezala Memoria Demokratikoaren Legea faxismoaren gorazarrea eragozteko. "Gorroto mezuen, seinalamenduen, mehatxu arrazisten, homofoboen, matxisten eta mota guztietako diskurtsoen aurka jarduteko garaia da. Neurriak har itzazue oraindik legezkoa den alderdi frankista bakarraren (Falangeren) eta beste talde neofaxisten aurka. Bestela, denok garesti ordainduko dugu permisibitate hori. Ultraeskuinari eta faxismoari arlo guztietan egin behar diogu aurre".

Azken asteotan faxismoari gorazarre egiten dioten ekitaldiak izan ditu hizpide EH Bilduko bozeramaileak: faxistak Gasteizen, ultrak Bartzelonako Unibertsitatean, nazien jazarpena Torre Pachecon, frankistak Ferrazen, kaputxadun neofaxisten mehatxuak nonahi, elkarte ultrak jendea etxegabetzen... Ekitaldi horiek guztiak zigorgabetasun osoz gauzatu direla salatu du Aizpuruak. "Zigorrik eta ondoriorik gabe". Hilabete barru, gainera, azaroaren 20an, 50 urte beteko dira Franco diktadorea hil zela, eta horren harira elkarretaratzeak eta ekitaldi frankistak izango dira beste behin. "Berriro ikusiko ditugu kalean agur faxistak eta Cara al Sol kantuak. Eta hori guztia, polizien eta erakundeen permisibitatearekin egingo dute. Zigorrik gabe. Atxiloketarik gabe. Ondoriorik gabe", ohartarazi du EH Bilduko eledunak.

Horren aurrean, EH Bilduk uste du badela garaia esku hartzeko eta neurri sakonak hartzeko. "Herritarren eskubideak eta askatasunak jokoan ditugu. Memoria historikoagatik eta gure gizarteari zor diogun etorkizun aske eta demokratikoagatik". Ildo horretan, Aizpuruak gogoratu du euskal herritarrok Bilboko kaleak beteko ditugula azaroaren 22an, "Euskal Herrian faxismoak lekurik ez duela argi eta garbi esateko".

 

Ikur frankistak kentzeko asmoa

EH Bilduri emandako erantzunean, Sanchezek iragarri du azaroa amaitu baino lehen gobernuak argitaratuko duela ikur frankisten katalogo osoa, "behingoz kaleetatik kentzeko". "Aurten Trantsizio demokratikoaren hasiera ospatzen ari gara, Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ondorioz. Eta jakinarazten dizut azaroa amaitu baino lehen elementu eta ikur frankisten katalogo osoa argitaratuko dugula Estatuko Aldizkari Ofizialean, gure herrialdetik eta gure kaleetatik behingoz ken daitezen", zehaztu du Espainiako Gobernuko presidenteak EH Bilduko Aizpuruari emandako erantzunean.