Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoekin eginiko akordio baten ostean, EH Bilduk hainbat zuzenketa txertatzea lortu du bezeroentzako arreta zerbitzuak arautzen dituen lege proiektuan, bezeroen arretan euskararen erabilera bermatzeko asmoz. Hego Euskal Herrian lan egiten duten enpresek euskarazko arreta pertsonalizatua bermatzea eta bezeroei edozein komunikazio (kexak, kontsultak edota erreklamazioak) euskaraz aurkezteko aukera izatea erdietsi du EH Bilduk. Asmo orokor batetik haratago, EH Bilduk egindako zuzenketek eraginkortasuna ematen diote euskal hiztunen eskubideen errespetuari, legearen artikulu giltzarrietan euskararen erabilera blindatuz harreman komertzialei dagokienez.
Urrats oso garrantzitsutzat jo du EH Bilduk, euskal herritarren hizkuntza eskubideak eremu berri eta garrantzitsu batean errespetatuko baitira adostutako zuzenketekin. Ezkerreko talde subiranistaren hitzetan, aurrerapausoa da gure hizkuntzaren erabilera geroz eta esparru eta harreman gehiagotan zabaltzen jarraitzeko; kasu honetan, Hego Euskal Herrian zerbitzuak ematen dituzten enpresekiko harremanetan.
Kexak eta erreklamazioak euskaraz aurkezteko aukera
Alde batetik, legearen 7. artikuluan eginiko aldaketari esker, hizkuntza ofizialetan kexak eta erreklamazioak aurkezteko aukera edukiko dute bezeroek hainbat hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan zerbitzuak ematen dituzten enpresen kasuan.
Bestetik, 8. artikuluan txertatutako atal berri bati esker, hainbat hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan euskarazko arreta pertsonalizatua bermatzea erdietsi du EH Bilduk. Beraz, kontsumitzaileak edo erabiltzaileak hala eskatzen badu, arreta eskatzen den hizkuntza ofizialean emango dela ziurtatuko da.
Kongresuko ponentziak bide eman die gaur EH Bilduk proposatutako aldaketei; hurrengo asteetan batzordeko eta osoko bilkurako tramitea pasatuz gero, indarrean sartuko dira bi neurriok.