AKTUALITATEA


| 2022-10-28 13:43:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamantarioak ehun zuzenketa partzial inguru aurkeztu dizkio Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuari, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako beharrezko ekarpen ekonomikoak jasota. Gaur aurkeztutako proposamen sorta honako eskaera hauetan oinarritzen da, batez ere: trantsizio ekologikoan aurrerapausoak emateko inbertsioak, planta fotovoltaikoa, tokiko enplegu garapenerako laguntzak, euskal kostaldeko arazoak konpontzeko lanak, azpiegituren hobekuntza, euskarari bultzada emateko hedabideen digitalizazioa, besteak beste. Orotara, 156 milioi euroko balioa dute EH Bilduk proposatutako zuzenketek, ERC eta BNGrekin batera idatzizko eta ikus-entzunezko ekoizpen propioen garapenerako aurkeztutakoez gain.

 

Trantsizio ekologikoa eta garapen iraunkorra

Aurrekontu proiektua hobetzeko eta zuzentzeko galdegin dituen inbertsioen artean, nabarmentzekoa da aurten ere trantsizio ekologikoan aurrera egiteko proiektu zehatzak bideratzeko beharra jarri duela mahai gainean EH Bilduk. Horren adibide da Galdakaon (Bizkaia) planta fotovoltaiko bat martxan jartzeko eginiko proposamena udalarekin elkarlanean; horretarako, 4 milioi euroko zuzenketa txertatu nahi du EH Bilduk aurrekontuetan.

Bide horretan, Gasteizko hirigunea eta Plazaolako bide berdea lotuko dituen milioi bat euroko zuzenketa bat txertatzea erdietsi zuen EH Bilduk iaz, Agurain eta Irurtzun bizikleta bide baten bitartez batuko dituena. Proiektua burutzeko beharrezko bultzada ezinbestekoa dela iritzita, aurten ere milioi bat euro gehiago bideratzeko eskatu du Nafarroako zatiari dagozkion lanak gauzatzeko. Bide hori lehendik eraikita zeuden zatiei lotuko zaie, eta horrek Araba eta Nafarroa artean bizikleta-bide berdea sortzea ahalbidetuko du, aurrekontuen bidez gauzatuko dena.

Era berean, EH Bilduk arreta berezia jarri nahi izan du tokiko ekonomia sustatzeko eta ekintzailetzako programen garapenean, guztira 18 milioi euroko ekarpena eginez. Ekarpen hori garapen ekonomikoko programak finantzatzeko erabiliko da, Tokiko Garapen Agentzien Sarearen bidez. Kopuru hori Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako garapen agentzietarako izango da.

 

Euskara eta digitalizazioa

Aurten ere, euskara bultzatzea eta defendatzea izan da EH Bilduk aurkeztutako zuzenketen lehentasunetako bat. Zehazki, 1,6 milioi euroko zuzenketak erregistratu ditu euskarazko hedabide digital eta ikus-entzunezkoak sustatzeko eta diruz laguntzeko. Aldi berean, adimen artifizialeko eta iraunkorreko proiektuak finantzatzea proposatu du, sektore berrietarako irismen handiagoa lortzen lagunduko duten proiektuak bultzatu eta hizkuntza ofizialetan digitalizazioa erraztuko duten inbertsioak gauzatzeko. Energia berriztagarrien eta itsas jatorriko hidrogenoaren garapen teknologikorako proiektuak ere jarri ditu mahai gainean.

EHUren Portugaleteko egungo ingeniaritza-eskola Itsasgunea proiektu berrira egokitzeko inbertsioak 2 milioi eurotan handitzeko ere galdegin du; energia berriztagarrietan oinarritutako eraikin iraunkorra egingo dute bertan, eta energia zein trantsizio klimatikoari buruzko formazio zehatza eskaintzera bideratuta egongo da.

Hezkuntza eta zientziari buruzko partiden artean, EHUren Movility Lab proiektua garatzera bideratutakoa da nagusi, 4 milioiko ekarpenarekin; Gasteizko campusean mugikortasun eta garraio jasangarri eta adimentsuari buruzko laborategi aurreratua sortzean oinarritzen da proiektua. Campus Sostenible-Green proiektua burutzeko milioi bat euro ere lortu nahi ditu, Espainiako Estatuan aitzindaria dena, energia biltegiratzeko bateriak instalatuz.


Hobekuntzak azpiegituretan eta garraioetan

Era berean, ezkerreko talde subiranistak hainbat zuzenketa jaso ditu tren geltokitako irisgarritasuna hobetzeko eta Euskal Herriko hainbat herritan garraioak eragindako zaratak murrizteko; adibidez, Iparraldeko Autobiak Manzanosen, Erriberabeitian, eragindako eragozpenak konpontzeko. Orotara, 300.000 euroko inbertsioa eskatu du Trebiñuko konderrian dagoen tarte horretan oztopo akustikoak jartzeko.

Garraioei dagokienez, EH Bilduk 476.000 euroko ekarpen ekonomikoa eskatu du Estatuko Aurrekontu Orokorretan, Andoainen (Gipuzkoa) N1 errepidearen egungo trazadura aldatzeko eta egoera kaskarrean dauden egungo espazioak aprobetxatzeko azterketak egiteko. Honen helburua da ingurumenaren, klimaren, energiaren, uraren eta mugikortasunaren arloetan tresnak hornitzea, eta, era berean, industria, merkataritza eta nekazaritza garapen iraunkorrak ahalbidetzea.

Arrigorriagako (Bizkaia) Mendikosoloko presa egokitzeko, berriz, EH Bilduk partida bat aurkeztu du, aspaldiko uholde arriskuari aurre egiteko eta auzotar guztiei erabilera publiko irekia emateko, herriarentzako ekipamendu natural berri gisa. Era berean, eskatu du Zumarragako eta Errenteria-Oreretako udalei lagatzeko ADIFen lurrak, Gipuzkoako bi herriotako tren-geltokien ondoan daudenak.

Kultura eta kirolari dagokionez, EH Bilduk Eibarko (Gipuzkoa) Hijos de A. Gabilondo industria-eraikin zaharra birmoldatzearen aldeko apustua egin du, bai eta Basauriko (Bizkaia) La Basconia eraikina zaharberritu eta egokitzearen aldekoa ere; proiektu bakoitzerako 4 milioi euro galdegin ditu. Laudioko (Araba) antzoki berria amaitzeko, 2,5 milioiko zuzenketa proposatu du; herritarrek luzaroan aldarrikatu duten eta EH Bilduk aurreko agintaldian alkatetzan hasi zuen kultura ekipamendua da honakoa.

 

Zaintzak eta etxebizitza

EH Bilduk ez ditu zaintzak eta etxebizitza alde batera utzi nahi izan, hainbat inbertsio barne hartuta. Horietako bat Elizondoko Francisco Javier Iriarte zaharren egoitza eraberritzeko eta zentroa eskualde osoari zerbitzua emango liokeen adinekoen ongizatean eta hurbiltasunean oinarritutako eredura egokitzeko bideratuko du.

Etxebizitzaren arloan, EH Bilduk 3 milioi euro eskatu ditu, eta hori lortuz gero, etxebizitza kooperatiboen ereduan oinarritutako proiektuak zuzenean sustatzeko laguntzetara bideratuko lirateke; bestelako laguntzarik jaso ezin izan duten proiektuak, hain zuzen.

 

Euskal kostaldea zaintzeko lanak

EH Bilduk proposatutako inbertsio ekonomikoek, halaber, euskal kostaldean jarduerak egitea aurreikusten dituzte. Talde subiranistak 10 milioi euro eskatu ditu guztira urte anitzeko bi partidatan, klima aldaketaren aurkako jarduera plan bat abian jartzeko eta Gipuzkoa eta Bizkaiko itsasertzaren kontserbazioa bermatzeko. EH Bilduren ustez, oso garrantzitsua da lan horiek egitea; izan ere, 2014ko itsasertzeko plana amaitu zenetik, ekaitzek eragindako kalteak konpontzeko, ez da baliabiderik erabili euskal itsasertza babesteko ezta behar bezala mantentzeko ere.

Mutrikutik igarotzen den Deba ibaiaren eremu degradatua berreskuratzeko, EH Bilduk 2 milioi euroko partida eskatu du ingurua txukuntzeko eta suspertzeko. Ildo horretan, datozen bi ekitaldietan banatuko diren beste 4 milioi Orio eta Txurruka (Gipuzkoa) arteko oinezkoentzako pasabidearen proiektua gauzatzeko erabiliko dira.


Memoria demokratikoa eta amiantoaren biktimak

Ezkerreko talde subiranistak 4 milioi euroko zuzenketa bat aurkeztu du Ezkabako gotorlekua birmoldatzen hasteko eta memoria gune bihurtzeko, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak lortutako akordioak eta Memoria Demokratikorako legeak jaso bezala. Azkenik, amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsetik datozen kalte-ordainen zerga salbuespena ere bermatu nahi izan du; talde subiranistak 25 milioi euroko lehen ekarpena lortu zuen 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan.