AKTUALITATEA


| 2024-02-21 08:38:00

Trafiko eskumena Nafarroara eskualdatzeko konpromisoa hartu du asteazken honetan Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek EH Bildurekin, Auzitegi Gorenaren epaiak transferentzia bertan behera utzi ostean. Sanchezek nabarmendu du «epaiak ez duela baztertzen transferentzia, beste bide batetik gauzatzeko atea irekitzen du», eta aurreratu du gobernua dagoeneko aztertzen ari dela «eskualdaketa nola egin», Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Hala mintzatu da Sanchez, EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Kongresuko kontrol saioan egindako galderari erantzunez; «eraso judizialen gainetik» transferentziarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa eskatu dio talde subiranistak presidenteari.

Aizpuruak eskua luzatu dio Espainiako Gobernuari «gaurtik aurrera», Nafarroako Gobernuarekin eta Parlamentuarekin elkarlanean, eskumenaren transferentzia ahalik eta azkarren gauzatzeko ezinbestekoak diren irtenbideak eta mekanismoak aurkitzeko. Auzitegi Gorenaren erabakia Nafarroako autogobernuaren, burujabetzaren eta foraltasunaren aurkako erasoa dela salatu du EH Bilduko bozeramaileak. «Nafarroako Parlamentuak aho batez hartutako erabakiaren eta gobernuek eskumena transferitzeko duten borondatearen aurkako eraso onartezina da. Nafarroaren borondate politiko eta demokratikoaren aurkakoa. Oso larria da», ohartarazi dio Sanchezi.

 

Sektore atzerakoi eta autoritarioen zerbitzura

Auzitegi Gorenak Guardia Zibilaren elkarte baten eskaera aintzat hartu ostean baliogabetu du Trafiko eskumenaren transferentzia; hamarkadetako aldarrikapenen ostean, 2022ko azaroan adostu zuen EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin eskumena Nafarroara itzultzea, 2023ko aurrekontuen babesaren truke. Aizpuruak gogoratu du frankismoak ebatsi ziela eskumena Nafarroako erakundeei. «Eskumen forala eta historikoa da, hortaz. Herritarren lehentasunetako bat da politika propioak gauzatzeko, zabaltzeko, garatzeko eta kudeatzeko gaitasuna izatea», nabarmendu du.

Aizpuruaren hitzetan, Auzitegi Gorenaren erabakiak agerian uzten du beste behin botere judiziala «sektore atzerakoi eta autoritarioen zerbitzura» dagoela Guardia Zibilaren eskutik, gehiengo sozialen interesen aurka egiteko.