AKTUALITATEA


| 2024-05-14 15:41:00

Autoeskoletako aztertzaile eta administratzaile faltaren aurrean, EH Bilduren Gipuzkoako senatari Mario Zubiagak Senatuko kontrol saioa baliatu du gaur Euskal Herriko autoeskolen aldarrikapenei ahotsa jartzeko. Gipuzkoako eta gainontzeko euskal lurraldeetako herritarrei gidabaimena lortzea eragozten dien kaos administratiboa desblokeatzeko exijitu dio Zubiagak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari. Gaur-gaurkoz, 5.000 pertsona inguru daude azterketa egiteko zain.

Joan den otsailaren 20an ere premiazko neurriak eskatu zizkion EH Bilduk Espainiako Gobernuari Senatuan, Gipuzkoako autoeskolek pairatzen duten defizitaren eta kolapsoaren aurrean. Baina arazoa konpondu beharrean, areagotu baino ez da egin hilabeteotan eta okerrera egin du, orain autoeskoletako langile administratiboei ere eragiten baitie: "Horietan jarraitzen dugu", salatu du Zubiaga senatariak. "Lehengo lepotik burua", salatu du Zubiaga senatariak. "Arazoari laster konponduko zela hitzeman zenigun, eta aztertzaile kopurua pixka bat handitu bada ere, partxe hori ez da nahikoa izan egoera iraultzeko eta kontrolez kanpo dago jada".

Egoera kritikoa da. Ohiko egoera batean 100 proba baino gehiago egiten ziren egunero. Hala ere, gaur egun 30 besterik ez dira egiten aztertzailerik eta administratzaile nahikorik ez dagoelako. Ministerioak gehitu berri dituen langileekin 60-80 proba egin ahalko dira egunero. "Argi dago zifra horiekin ez dela arazoa amaituko eta ez dela herritarren haserrea apalduko", argudiatu du senatari subiranistak. Hori dela eta, Zubiagak trafiko eskumena ahalik eta azkarren eskualdatzea eskatu du, sortutako arazoa konpontzeko: "Egiturazko arazoak irtenbide bakarra du: trafikoaren eskumena euskal erakundeei osorik eta behin betiko transferitzea. Has zaitezte negoziatzen".
 

Arazo kronikoa

Senatari subiranistaren hitzetan, errealitate hori ez da konponduko "pare bat plazarekin". Arazoa ez da soilik aztertzaileetara mugatzen, administrazio langileetara ere zabaldu delako berriki. Plan bat behar da, urgentziaz. "Etengabe handitzen ari den arazo kroniko baten aurrean ari gara", erantsi du Zubiagak. Joan den asteazkenean, Gipuzkoako autoeskolek grebara jo zuten jasaten duten egoera salatzeko. Hain zuzen ere, autoeskoletako arazoa ez da karnet bat lortzera mugatzen: "Etorkizuneko garraiolariei lana lortzea galarazten die, eta autoeskolen lana kaltetzen ari da, zerbitzu egoki bat eskaintzeko aukera eragotziz eta ardura haien gainean jarriz erantzukizuna ministerioarena denean. Nork ordainduko dizkie eragindako kalte-ordainak?", galdetu du Zubiagak.

EH Bilduri emandako erantzunean, zerbitzua hobetzeko konpromisoa hartu du Marlaska ministroak, eta nabarmendu trafikoko bi aztertzaile berri daudela jada Gipuzkoan eta 2024an beste bi langile gehiago txertatuko dituztela. Barne ministroak ziurtatu du datozen asteetan 94 aztertzaile gehiago sartuko direla Espainiako Estatu osoan: 50 oposizio librekoak izango dira, 4 barne proposamenekoak eta 40 interinoak lanpostuak hutsik geratzeagatik. "Guztira 855 aztertzaile izango ditugu; kopuru historikoa da", zehaztu du.