Torturaren Aurkako Egunean, EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu dio lehenbailehen ken ditzala torturengatik, tratu txarrengatik eta Estatu terrorismoagatik zigortutako poliziei emandako domina eta kondekorazio guztiak. EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Kongresuan, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen eta Torturaren Kontalariek zein Europako Kontseiluak egoera horiekin amaitzeko egindako eskaerei jarraiki.
Ezkerreko indar subiranistak gogorarazi du Memoria Demokratikoaren Legea tramitatu bitartean hainbat talde politikok ohartarazi zutela tortura eta Estatu terrorismoagatik zigortutako poliziei dominak kentzearen beharraz, baina gobernuak ez zituela eskaerok aintzat hartu.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ikerketek egiaztatu dute gutxienez 5.379 euskal herritar izan direla torturen biktima azken hamarkadetan. "Tortura praktika sistematiko bat izan zela frogatzen dute txosten horiek. Torturen erantzuleek, polizia agintariek eta ordezkari politiko zein judizialek babes handia izan dute urteotan erakundeen aldetik. Milaka tortura salaketetatik zati txiki batean besterik ez dituzte erantzuleak zigortu. Ezin dira ahaztu, halaber, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak torturak ez ikertzeagatik Espainiari ezarritako zigorrak", zehaztu du egitasmoak.
Zigorgabetasun erabatekoa
Errealitatea, baina, gordina da oraindik ere. Estatu terrorismoak eta tortura kasuek erabateko zigorgabetasunean jarraitzen dute, urteetako isiltasunaren ostean biktimek merezi duten egia, justizia eta aitortzarik gabe. "Ikertzeko zailtasun eta oztopo guztiak gorabehera, dozenaka polizia eta kargu publiko zigortu dituzte torturekin lortutako gertakari larriengatik. Gehienak indultatu, kondekoratu eta karguz igo dituzte, ordea", gogoratu du EH Bilduk.
Hainbat ikerketa eta artikulutan argitaratutako datuen arabera, administrazio publikoen datu ofizialik ezean, begi bistan geratu da tortura delituen atzean egondako 100 pertsona baino gehiago saritu dituztela azken hamarkadetan, baita pentsio-dominekin ere, haien ordainsariak handituz. Gaur-gaurkoz, hala ere, inori ez zaio aitorpenik kendu oraindik.
"Duela gutxi Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik 75 urteko espetxe zigorrera zigortu zuten Rodriguez Galindo jeneralaren heriotzaren urteurrenaren harira, Guardia Zibilaren Merezimenduaren Urrezko Gurutzea gogorarazten zuten hainbat eskela argitaratu ziren, eta horrek torturaren eta Estatu terrorismoaren biktimak iraintzen ditu, erakundeen desprestigioa eta utzikeria areagotzeaz gain, are gehiago Memoria Demokratikoaren Legearen testuinguru honetan".