AKTUALITATEA


| 2022-05-19 17:06:00

Dakarreko portuan (Senegal) harrapatuta jarraitzen duten lau atunontzien egoeraren inguruko kezka helarazi dio gaur Idurre Bideguren senatariak Espainiako Nekazaritza eta Arrantza ministro Luis Planasi. «Itsasontzi bakoitzeko 13.000 euro ordaindu dituzte lizentzia eskuratzeko, baina ezin dira itsasora atera, Senegalek ez dielako baimenik ematen Europako Batasuneko akordioei uko eginda», salatu du.

Era berean, Bidegurenek urgentziazko neurriak eskatu dizkio Planasi, Espainiako Gobernuak berriki onartutako litroko 20 zentimoko deskontutik kanpo geratu direlako Euskal Herriko hainbat atunontzi. Egoera injustutzat jo du EH Bilduko ordezkariak. «Laguntza publiko horretatik kanpo geratu dira Indiako Ozeanoan, Atlantikoan edo Pazifikoan nabigatzeagatik. Bien bitartean, beste herrialde batzuetako ontziek beherapen hori aprobetxa dezakete», ohartarazi du.

Bestalde, Planas ministroak senatari subiranistari erantzun dio dagoeneko igorri diotela Europako Batzordeari 'Arabako Mahastiak' jatorrizko izendapenaren eskaera. Honela mintzatu da Bidegurenek: «Albiste bikaina da sektorearen eta eskualdearen etorkizunerako, hilabeteetako atzerapen, ihesbide eta erantzun kontrajarrien ondoren».