AKTUALITATEA


| 2022-04-25 17:31:00

Neskatilen, saregileen eta paketatzaileen lanbidea funtsezkotsat hartzea eta balioestea proposatzen duen EH Bilduren mozioa eztabaidatuko du asteazkenean Senatuko osoko bilkurak. Jose Luis Escriva ministroak berriki hitzemandako lege aldaketen aurrean, honakoa eskatu du EH Bilduren egitasmoak: besteak beste, lanbidea duintzeko eta egoera diskriminatzaileak gainditzeko beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzea; lanbide-gaixotasunen katalogoan sartzea laneko segurtasun eta osasun-erakundeek egindako txostenetan jaso diren eta beren jarduerari egotz dakizkiokeen gaitz guztiak; erretiroaren gutxieneko adina murrizteko behar diren arau-aldaketak premiaz egitea, koefiziente murriztaileak aplikatuz eta arrantza-sektoreko langileen izaera espezifikoa kontuan hartuta; neskatila eta paketatzaileen kotizazio-oinarriak handitzea, itsasoko araubide bereziko antzeko lanbideekin parekatzeko.

Neurriok ezinbestekotzat jo ditu EH Bilduk arrantza-jarduerak behar bezala funtziona dezan. Arrantzaren sektorean, beste lan-eremu batzuetan gertatzen den bezala, gaur egun ere oraindik, emakume langileak gizonak baino baldintza okerragoetan daude, bai lan esparruan, baita babes sozial, aitortza eta balorazioaren ikuspegitik ere. Neskatilak, sareginak eta paketatzaileak gure portuetako eguneroko lanean funtsezkoak diren zeregin askotaz arduratzen diren emakume langileak dira. Hala salatu Idurre Bideguren senatariak: "Ezinbesteko jarduera da arrantza-sektoreak behar bezala funtziona dezan. Hala ere, haien lana luzaroan ikusezin bihurtu da eta ez zaio aitortza, ordainsari ezta duintasun nahikorik eman".

 

Ahalegin fisiko handia

Lan horiek ahalegin fisiko handia eskatzen dutela gogorarazi du Bidegurenek; oso urtarokoa da, aurrez zehaztutako ordutegirik gabea, prestasun osoa eskatzen duena eta gehienetan hotz eta hezetasun handiko baldintzei eutsiz egiten dena. "Urte askotan, lan hori ez zen produkzio-jardueratzat ere hartzen, eta erregularizazio falta erabatekoa izan da. Zorionez, sektore horren aitortzan eta profesionalizazioan aurrerapausoak eman dira, baina, hala ere, badira gizarte-segurantzarekin lotutako aldarrikapen historikoak, urte askotan izoztuta geratu direnak", ohartarazi du EH Bilduren senatariak.

EH Bilduren arabera, bada garaia aldarrikapen horiei erantzuteko eta lan-eremu feminizatu honetan dagoen diskriminazio argia ezabatzeko. Bada garaia arrantza-sektoreko emakume horien berdintasuna, diskriminaziorik eza eta babesa zainduko dituzten lege-aldaketak egiteko eta, horrela, emakume horien lana duintzeko.