AKTUALITATEA


| 2022-02-01 20:53:00

"Dena edo ezer ez. Berriro ekarri digute dekretu tranpa bat, COVID neurriak eta pentsioei buruzko neurriak nahasten dituen dekretu bat, guztia batera bozka dezagun". Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatua oso kritiko agertu da musukoaren erabilerari buruzko Errege Dekretuaren eztabaidan, dekretu berean gai horrekin zerikusirik ez duten beste hainbat neurri sartu dituztelako, tartean pentsioen balioa handitzeko proposamena. "Ez da lehen aldia horrelako maniobrak egiten dituztela, eta argi esaten dugu ez dugula xantai gehiagorik onartuko", ohartarazi dio Carolina Darias Osasun ministroari.


Ruiz de Pinedok ziurtatu du EH Bilduk ez duela bat egiten ezta babesten ere dekretu honek COVID 19aren seigarren olatuari aurre egiteko jasotzen dituen neurri kosmetikoekin. "Alferrikako neurriak dira, eta ez dute eraginkortasunik. Neurri kosmetikoak dira, inolako oinarri zientifikorik ez dutenak. Pandemian zehar administrazioek erakutsi duten jarreraren beste adibide bat besterik ez da: norabide argirik eza eta mezu kontrajarriak nagusitu dira beste behin".
EH Bilduren Osasun bozeramaileak neurri eraginkorrak ezartzeko premia nabarmendu du, eta gobernuak proposatutako neurriek babes zientifikorik ez dutela gogorarazi du. "Ia aho bateko adostasun zientifikoa dago: ez dute balio kutsatzeak gutxitzeko. Musukoa aire zabalean jarrita eramatea, eta establezimendu baten barruan esertzen zarenean poltsikoan sartzea, ibiltzeko kaskoa jantzita eraman eta motorrean kentzearen parekoa da", gaineratu du. Ruiz de Pinedoren hitzetan, alferrikako neurriak betetzera derrigortzeak "neurri eraginak ez betetzera bultzatzen du". "Estresa, nekea, haserre eta mesfidantza sortzen dira herritarrengan", azaldu du.

 

Aireztapena barnealdeetan



Ruiz de Pinedok erakunde publikoei leporatu die pandemiarako kontratatutako osasun-langileak alde batera utzi izana: jarraipen-sareak desegin dira, osasun sare publikoa gainezka dago, lehen mailako arreta kolapsatuta edota arakatzaileen taldeak deseginda. "Baina egoera hori iraultzeko neurri bakar bat ere ez dugu ikusi dekretu honetan. Bakar bat ere ez. Osasun publikoa indartu beharrean, kanpoko maskarak, txertoa jartzeko militarrak eta jubilatutako profesionalak lanera itzultzea proposatu du gobernuak. Benetan uste duzue neurri horiekin seigarren olatuari aurre egin zitekeela?", galdetu du.


Neurri horiek aplikatu zirenetik hilabete eta erdi igaro denean, EH Bilduk uste du egiaztatuta geratu dela "ez dutela ezertarako balio izan". Kontrastatutako neurriak behar dira. Barrualdeko aireztapenean eta CO2 neurgailuen erabileran fokua jartzearen alde egin du Ruiz de Pinedok, musukoak kanpoaldean nahitaez erabiltzera eta Covid Pasaportearen inposatzera bultzatu beharrean.

Diputatu subiranistak balioan jarri du herritarren jarrera eredugarria. "Eskatu zaiena bete dute. Bada garaia gobernuek herritarrei eskatu zaien erantzukizun eta errespetu erdiarekin jokatzeko. Gobernuek osasun publiko indartsua, unibertsala eta pandemia honek aurrean jarri dizkigun erronketara egokitutakoa ziurtatu beharko lukete". Ez dago aitzakiarik, EH Bilduren ordezkariaren iritziz: "Bi urte izan dituzte pandemia honetatik ikasteko. Baina kontrako bidea hartu dute: orain autodiagnostikoan, autozainketan eta automedikuntzan oinarritu dute osasuna. Porrot izugarria da, eta onartu egin beharko lukete osasun zerbitzu publikoak kudeatzen dituztenek".


Erosahalmenaren galera


Pentsioei dagokionez, Ruiz de Pinedok ontzat jo du onartutakoa, baina nahikoa ez dela ohartarazi du. "Bada garaia pobrezia mugaren azpitik pentsiorik ez egoteko; 720 euroko gutxieneko pentsioan bizi dena pobrezian bizi da. Bada garaia arazo larri honi aurre egiteko berehala".

Era berean, pentsiodunek erosahalmena gal ez dezaten proposatzen denarekin ados egonda, EH Bilduk 2022rako konpentsazio-tresna hori desagertu dela salatu du, aurtengo pentsioen erosahalmena murrizteraino. "2022an inflazioa %2tik gorakoa ez bada, pentsiodunek % 5,5eko erosahalmena galduko dute aurten", adierazi du, eta nabarmendu du 2023ko urtarrilean pentsioak KPI horren arabera eguneratzen badira, "horrek ez duela konponduko urte horretako erosahalmenaren galera". Ruiz de Pinedok konpentsazio-mekanismo bat ezartzea galdegin du, 2022an "ezkutuko murrizketak" saihesteko.