AKTUALITATEA


| 2021-11-22 17:16:00

ERCrekin batera egindako presioari esker, Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak pentsio minimoen zenbatekoa gutxieneko soldatara lotzea lortu du, eta, lehen aldiz, gutxieneko pentsioek Europako Gutun Sozialak ezartzen dituen parametroak aintzat hartuko dituzte. Hala ere, abstentzio kritikora jotzea erabaki du, gaur, Kongresuko Gizarte Segurantzaren Batzordean eztabaidatutako pentsioen erreformaren alde bozkatzeko nahikoa ez dela iritzita. "EH Bildu oso argia izan da hasiera-hasieratik datorren astean Kongresuan behin betiko bozkatuko den pentsioen erreformaren lehen zatiarekin. Esan genuen ez genuela babestuko ez murrizketarik ezta pentsioen erreformarik ere, Euskal Herriko eta Estatuko kaleetan hainbeste denbora borrokan daramatzan pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapen nagusiak jaso ezean. Eta hala egin dugu", azaldu du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak.

Gaur, Espainiako Gobernuaren, EH Bilduren eta ERCren arteko akordio bateratua lortu ondoren, ezkerreko talde subiranistak aurrerapauso eta hobekuntza garrantzitsuak ikusi ditu legearen erreforman. Hobekuntza horiek, positibotzat jotzen dituen arren, EH Bilduri ez zaizkio nahikoak iruditzen oraindik. Talde subiranistak pentsiodunek aspaldidanik eskatzen zituzten hainbat aldarrikapen txertatu ditu testuan. Garrantzitsuenak, honakoak:

  1. Gizarte Segurantzaren zorraren eta gastu desegokien auditoria publikoa egitea 1967tik hona, gehienez ere sei hilabeteko epean.

  2. Espainiako Gobernuak beharrezko mekanismoak eraman beharko ditu Elkarrizketa Sozialeko Mahaira, gehienez ere urtebetean, gutxieneko pentsioak igotzeko eta horien bilakaera gutxieneko soldatara lotzeko. Neurri hori Gizarte Segurantzaren erreformaren bigarren zatian sartuko litzateke, eta hobekuntza handia ekarriko luke gutxieneko pentsioen zenbatekoetan eta nahikotasunean. Gainera, Pentsioen Lege batean aurreneko aldiz, gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialak ezartzen dituen parametroen arabera aplikatu dira, eta baldintza horiek betetzeko helburua jasoko du legeak.

"Aurrerapen horiek, Iraunkortasun Faktorea indargabetzearekin batera edo Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismo berriak pentsioen etorkizuneko zenbatekoak inola ere murriztuko ez dituela bermatzearekin batera, aurrerapauso garrantzitsutzat jotzen ditugu", zehaztu du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak, ohartaraziz EH Bilduk ez duela onartuko inolako murrizketarik etorkizuneko pentsioetan.

Hala eta guztiz ere, EH Bilduk uste du erreforma oraindik urrun dagoela pentsiodunen mugimenduaren eskaeretatik. Hori dela eta, EH Bilduk abstentzio kritikora jotzea erabaki du gaur goizean egindako bozketan, erreformaren lehen tramitazioari atea irekiz. "Horrek denbora gehiago eskaintzen digu negoziatzen eta presioa egiten jarraitzeko, alor gehiago hobetzeko eta pentsioen eta horien onuradunen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dieten neurri berriak sartzeko". Hori dela eta, erreforma horrekin ados ez egon arren, EH Bilduk lanean jarraituko du hurrengo asteetan pentsio publikoak hobetu eta duintzeko akordio berriak lortzeko.