AKTUALITATEA


| 2021-04-15 14:16:00

EH Bilduk Kongresura eraman du gaur Patxi Zamora nafarraren kasuari buruzko salaketa, duela hilabete eskas Guardia Zibileko zuzendariaren aurrean egin bezala. Iberian 31 urtez lan egin ondoren, Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena ukatu zion 2018an justifikaziorik gabeko txostenetan oinarrituta, aireportuko identifikazio txartela berritu ezinik.

Patxi Zamoraren aurkako jazarpen politikoa salatu du EH Bilduren Nafarroako diputatuak. Fernando Grande-Marlaskaren agerraldia baliatu du Zamorak pairatzen duen kaleratze ideologikoa gaitzesteko. Datu pertsonalen babesari eta legez kanpoko erabiltzen diren datuei buruzko lege bati buruzko eztabaidan zuzendu zaio Espainiako Gobernuko Barne ministroari. Asteon, Marlaskak ez du Patxi Zamoraren kasuari buruzko iritzirik eman nahi izan Senatuko kontrol saioan. 

"Ez du legezko baliorik"

Nafarroako diputatuak gogorarazi duenez, berriki galdera idatzi bati emandako erantzun batean, Espainiako Gobernuak lehen aldiz aitortu du Patxi Zamoraren kaleratzea 2007an EAE/ANV alderdiko hautagai izateagatik gauzatu zela. Hau da, ideia politikoengatik egotzi zutela. "Segurtasun-agiria berritzea ukatu ziotenean, Guardia Zibilak argudiatu zuen arriskutsuak izan zitezkeen sektoreen hurbilekoa zela Zamora. Horrek baieztatzen du Guardia Zibilak ez duela Europako araudia bete kasu honetan, behin behin", gaineratu du.

Didier Reynders Europako Batasuneko Justizia komisarioak berak adierazi zuen, urtarrilean, Segurtasun Indarrek arau-hauste penalei aurrea hartu, ikertu edo detektatzeko artxiboak ezin izango direla gerora helburu administratiboekin tratatu. Reyndersen arabera, gainera, artxibo horien eraginpean dauden pertsona guztiek eskubidea dute fitxategi horiek eskuratzeko eta zuzendu daitezela eskatzeko.

"Premisa horiek bete izan balira, Guardia Zibilak Patxi Zamoraren kaleratzea eragin zuen agirietako batek ere ez luke legezko baliorik izango", salatu du Pozuetak. Patxi Zamorari ez zizkioten entregatu barne txosten horiek. Hala ere, bere aurka jotzeko erabili zituzten, aireportuan sartzeko baimena kendu izana argudiatzeko.

Hiru kasu gehiago

Pozuetak jakinarazi duenez, azken urte t'erdian beste hiru kaleratze izan dira sektore aeronautikoan arrazoi ideologikoengatik. "Guardia Zibilak kaleratu egin zituen inolako aurrekari penalik ez zuten arren", azaldu du. Argudio sendorik gabeko kaleratzeak dira, arrazoi politikoetan oinarritutako lau jazarpen kasu argi.

EH Bilduko diputatuak "aurrerapausotzat" jo du gaur Kongresuak onartutako legedia, baina ezkerreko indar subiranistak abstentziora jo du azkenean, "hutsuneak eta gabeziak" ikusi baititu. Patxi Zamoraren kasuan frogatu den bezala, datu pertsonalen erabilera egokia eta herritarren erabateko babesa bermatzen ez duelako. "Espainiako Gobernuak ia behartuta ezarri behar izan du datuen babesari buruzko zuzentaraua. Hori bai, ez dugu zalantzan jartzen datuen erabilera egokia bermatzeko eta herritarrak babesteko premia".