AKTUALITATEA


| 2021-12-15 16:21:00

Palestinan bake konferentzia bat bultzatzearen alde agertu dira gaur Kongresua eta Senatua, EH Bilduren egitasmoa onartuta. ERCrekin batera aurkeztutako legez besteko proposamena asteazken honetan onartu dute Europako Batasunerako Batzorde Mistoan, PSOE, Unidas Podemos, EAJ eta Juntsekin adostutako erdibideko zuzenketa bati esker. Indar politikoen gehiengoak babestutako egitasmoak Espainiako Gobernuari eskatu dio Europako Batasunean ahaleginak areagotu ditzala, 1967ko mugak oinarri hartuta, bi Estatuen, Palestina eta Israelen arteko gatazkari irtenbide bat bermatzeko, "bake justu eta iraunkorra lortzeko bide bakar gisa".

Nazioarteko Bake Konferentzia deitzeko lortutako babesak bat egiten du Mahmud Abbas presidenteak Nazio Batuen 2020ko Batzar Nagusian egindako eskaerarekin, Israelgo Estatuaren eta Palestinaren arteko negoziazio prozesu bat bultzatzeko helburuarekin; betiere, Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen ebazpenetan oinarrituta. Idurre Bideguren senatariak azaldu du badela garaia legez kanpoko okupazioa amaitzeko, Palestinaren independentzia bermatzeko eta gatazkari lotutako gai guztiak konpontzeko, "errefuxiatuena barne".

EH Bilduko ordezkaria, oro har, pozik agertu da lortutako akordioagatik, eta eskerrak eman dizkie egitasmoa babestu duten indar politikoei, gaurko saioan erakutsi duten jarrera eraikitzaileagatik. "Beharrezkoa da Europako erakundeek Palestinako presidentearen eskaerari erantzutea, eta Bake Konferentzia ahalik eta azkarren egitea. Beste aurrerapauso bat da", nabarmendu du. Halaber, Bidegurenek EH Bilduren babes irmoa adierazi dio Palestinako herriari, eta berretsi du aurrerantzean ere herrialdean bake justu eta iraunkorra lortzen lagunduko duen edozein egitasmo babesten jarraituko dutela.

 
Madrilgo Bake Konferentziatik 30 urtera
 

Gaurko hitzarmena Madrilen egindako Bake Konferentziatik 30 urtera iritsi da. Hiru hamarkada horietan, Israelek ahalegin guztiak egin ditu Palestinako Estatua oztopatzeko eta bideraezina bihurtzeko, lurralde okupatuetan legez kanpoko kokalekuak ezarriz, lurrak konfiskatuz, jabetzak kenduz, legez kanpoko harresia ezarriz edo lur emankorraren gaineko lurralde okupatuetako uren gaineko politika eginez, urteetako diskriminazio orokortuaz gain. "Sufrimendu izugarria eragin diete palestinarrei, oinarrizko eskubideak kenduta", salatu du Bidegurenek.

Azkenik, EH Bilduk gogorarazi du egitasmo hau ez dela ildo horretan onarturiko bakarra: 2014ko azaroan, Kongresuko osoko bilkurak proposamen historikoa onartu zuen, Espainiako Gobernuak Palestina Estatu gisa onar zezan, "Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko irtenbide posible bakarra" dela berretsiz.