Angel Salas Larrazabal jeneralari emandako kondekorazioak berehala kentzeko eskatu du EH Bilduren Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak astearte honetako kontrol saioan. Otxandiokoa (Bizkaia) izan zen euskal herritarren aurkako lehen bonbardaketa, eta Angel Salas Larrazabalek pilotu gisa parte hartu zuen sarraskian.
Otxandioko bonbardaketa frankisten altxamendu militarra gertatu eta lau egunera gauzatu zuten, eta etortzear zegoen guztiaren atarikoa izan zen, Durango eta Gernikako bonbardaketen aurretik gertatu baitzen. Guztira 61 hildako eta zauritu ugari eragin zituen Otxandioko bondardaketak, eta herria suntsituta utzi zuen. Felipe Gonzalezen gobernuak sarraskiaren egileetako bat saritu zuen Aireko Armadako jeneralaren ohorezko izendapenarekin, ustez "aparteko merituengatik". Elejabarrietak onartezintzat jo du 88 urte geroago sarraski horren erantzule zuzenetako batek oraindik ere dominak mantentzea. Hori dela eta, presazko neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
EH Bilduko senatariari erantzunez, Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroa prest agertu da Angel Salas Larrazabali kondekorazioa kentzeko aukera aztertzeko, eta norabide horretan "beharrezkoak diren urrats guztiak" egiteko konpromisoa hartu du EH Bildurekin. Ministroak baieztatu du Memoria Demokratikoaren Legearen artikulu guztiak zorrotz beteko dituztela: "Txosten jakin batzuekin egin behar da, txosten kontraesankorrak ere egon daitezke, baina, edozein kasutan, gobernuaren konpromisoa duzu, baita Defentsa ministroarena ere, behar diren urrats guztiak egiteko zuen eskutik legea bete dadin".
"Papelak die! Papelak die!
"Oihu inozente horrekin, 1936ko uztailaren 22ko goizean, jaso zituen haur talde batek Bizkaiko Otxandio herriaren gainetik hegan zebiltzn Breguet 19 hegazkinak", ekin dio Elejabarrietak gobernuari egindako galderari. Hegazkinak papelak jaurtitzen ari ziren, eta behin pertsona asko ingurura erakartzea lortu zutenean, bi hegazkinek barruan zituzten bonbak jaurtitzen hasi ziren. Emaitza: suntsitutako herri bat, 61 hildako eta zauritu ugari", gogorarazi du Elejabarrietak hitzartzearen hasieran.
Bonbardaketaren gidariek Mola jeneralaren zorion mezuak jaso zituzten, senatari subiranistak salatu duen bezala: Franco, Mola eta Queipo de Llanoren arteko lotura izatera iritsi zen Angel Salas Larrazabal, eta senatari ere izan zen. Elejabarrietak gobernuak galdegin dio oraindik mantentzen dituen kondekorazioak lehenbailehen kentzeko. "Ez genuke ulertuko ez egitea", amaitu du EH Bilduko bozeramaileak.