Autonomia erkidegoen zorra kitatzeko akordioak ez du inolaz ere Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ekarpen handiagoa eragingo. Hala jakinarazi dio Maria Jesus Montero presidenteorde eta Ogasun ministroak Mertxe Aizpuruak gaurko kontrol saioan egindako galderari. EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak konpromiso argia eskatu dio Monterori, Kataluniari eta erregimen komuneko erkidegoei zorra barkatzeko lortutako akordioaren ostean Hego Euskal Herrian piztutako eztabaida behin betiko ixteko: «Ez gara zorra kitatzearen onuradun izango, baina ezin gara kaltetuak izan».
Aizpuruak nabarmendu du EH Bilduk Hego Euskal Herriko erakundeen tresna ekonomiko eta fiskalak defendatzen eta errespetarazten jarraituko duela, «herritarrengan ondorio negatiboak izan ditzakeen edozein erabakiren aurrean». Hori dela eta, Espainiako Gobernuari eskatu dio bozketara eramango den testuan bertan argi eta garbi islatzeko edo Kontzertuaren eta Hitzarmenaren Batzorde Mistoetan hartutako erabakietan jasotzeko zorra kentzeak ez duela ekarpen gehigarririk eragingo.
Ildo beretik, bozeramaile subiranistak ironiaz hitz egin du eskuineko alderdiek euskal autogobernuari egindako erasoen harira, askotan «insolidariotzat eta pribilegiotzat» jotzen baitituzte Hego Euskal Herriko erakundeen eskumen ekonomiko eta fiskalak. «Ironia dirudi, ezta¿ Gure autogobernuari buruz hainbeste gezur esan eta eraso egin ondoren, zuek izatea Estatuko pribilegiatu fiskal handienak».
«Ez dute gehiago ordainduko»
EH Bilduri emandako erantzunean, Montero presidenteordeak ziurtatu du hilabeteak daramatzatela hizketan bi gobernuekin, eta argi utzi du zorra kitatzeak ez diela eragingo ez Eusko Jaurlaritzari ezta Nafarroako Gobernuari ere: «Ez dute orain arte ordaindu zutena baino gehiago ordainduko. Onurarik izan ez arren, beste lurraldeentzat ona den neurriak ez die kalte egingo». Monterok gaineratu du Kontzertu eta Hitzarmen Ekonomikoa kitatzea tokatzen denean gauzatuko dela akordioa.
«Espero dugu Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin dituzun elkarrizketetan jarrera argia eta irmoa izatea, ahalik eta lasterren, eta zorraren kitapena onartu aurretik, gure erakundeentzako aldaketa kaltegarririk eta ekarpenen gehigarririk eragin ez dezan», nabarmendu du Aizpuruak.