AKTUALITATEA


| 2021-10-18 21:05:00

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak EH Bilduren legez besteko proposamena eztabaidatuko du astearte honetan, pandemia garaian Espainiako Gobernuaren 'ezkutu soziala' deiturikoan jasotako neurriak «eskubide sozial iraunkor» bihurtzeko asmoz. Zehazki, etxebizitza, oinarrizko hornidura eta babes sozialaren arloan ezarritako ezohiko neurriak dira egitasmoaren ardatza nagusia, urriaren 31n amaituko baita horien aplikazioa.

Ezkerreko indar subiranistaren arabera, bada garaia ezkutu sozialean jasotako neurri eraginkorrenak aldi baterakoak eta egoeraren araberakoak izatetik egiturazkoak izatera igarotzeko, «eskuratutako eskubide iraunkorren maila emanez». Ezohiko eta aldi baterako izaera ezabatzea da proposamenaren helburua, egoera zaurgarrian dauden herritarrei modu eraginkorragoan erantzuteko: «Agerian geratu da neurri eraginkorrak direla pertsona eta familia kalteberen oinarrizko eskubideak babesteko. Nahikoak ez badira ere, horri esker gutxieneko sostengu materialak izan dituzte milaka familiak; etxebizitza eta oinarrizko hornidurak bermatu dizkietelako. Oraindik ere beharrezkoak dira, eta etorkizunean are beharrezkoak izango dira».

Hain justu ere, honakoak dira legez besteko proposamenean jasotako neurriak: oinarrizko horniduren mozketak eragoztea bazterketa arrisku eta egoera zaurgarrietan, bizitoki alternatibarik gabeko etxegabetzeak etetea eta alokairuaren ordainketak atzeratzea, jabea enpresa handi edo erakunde publiko bat denean. Horretarako, EH Bilduk uste du neurri horiek Errege Dekretu baten bidez onartu beharko liratekeela, 16/2021 dekretuan aurreikusitako ezohiko neurrien epea amaitu baino lehen; hau da, datorren urriaren 31 baino lehen.

 

80.000 etxegabetze gertatzeko arriskua

«Urte eta erdi baino gehiagoan neurri horiek posible izan badira eta kolektibo ahulenak babestu badituzte, ezinbestekoa eta premiazkoa da hala izaten jarraitzea; eperik gabe, adabakirik gabe, modu iraunkorrean, betiko», ziurtatu du Oskar Matute diputatuak, gogoraraziz neurri horien luzapenek—horietako asko azken orduan eginikoak— beldurra eta ziurgabetasuna eragin dutela muturreko egoerei aurre egin behar dieten familiengan. «Bada garaia herritar guztiei segurtasuna eta egonkortasuna eskaintzeko, oinarrizko eskubideen defentsa ziurtatuz. Etxebizitza duin bat eskuratzea eta argia, gasa eta ura bezalako oinarrizko hornidurak bermatzea ezinbestekoa da bizitzeko», nabarmendu du Matutek.

Egitasmo honen bitartez, kolektibo ahulenentzat interes ekonomiko eta espekulatiboetatik babestuko dituzten eskubideak bereganatzea du helburu EH Bilduk. Are gehiago bizitzen ari garen prezioen gorakada onartezina aintzat hartuta. Neurri sozialak iraunkor bihurtu ezean, Matutek ohartarazi du ondorioak izugarriak izan daitezkeela pandemiaren ondorioak pairatzen dituztenentzat: «Ezin dugu onartu ezohiko eta aldi baterako neurri horien amaierak arriskuan jartzea herritarren bizitza. Etxegabetzeen debekua amaitzen bada, 80.000 etxegabetze inguru gerta daitezke. Urgentziaz eragotzi beharreko eskandalu baten aurrean gaude».