AKTUALITATEA


| 2021-11-17 10:38:00

Espainiako Barne Ministerioak Hector Moreno Garcia komisarioari, erretiroa hartzeagatik, Polizia Merituaren Zilarrezko Domina eman eta bi hilabetera, Espainiako Gobernuak berretsi eta defendatu egin du erabaki hori hartu izana, torturengatik zigortu eta Aznarren gobernuak indultatu zuen arren. EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituri emandako erantzun parlamentarioan, kondekorazioa justifikatu du Madrilek, «Merezimendu Zibilaren Aginduko Legediaren 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren». Hori izan da Espainiako Gobernuak bi alditan emandako argudioa.

Moreno Garciak jasotzen duen aitortza ekonomikoa «polizia agente batek bizitzan jaso dezakeen bereizketarik handiena da» egun. Guztira, bizitza osoan jasoko duen pentsioaren kopurua %15 handitu diote jasotako kondekorazioari esker.

Jon Iñarritu diputatuari erabat kontraesankorra eta «zentzugabea» iruditzen zaio Billy el Niño bezalako polizia torturatzaile frankistei dominak kenduko dizkietela iragartzea, eta, aldi berean, antzeko gertaerengatik zigortutako polizia torturatzaileei gorazarre egitea. «Torturaren biktimak umiliatzea dakar torturengatik zigortutako agenteen kondekorazioak. Bigarren mailako biktimak daudela begi bistan geratu da berriz ere», salatu du.

 

 Indultua, kargu hobetzea eta kondekorazioa

Iñarrituk ohartarazi du gobernuak domina kentzeari uko egin diola eta ez duela akatsa konpondu nahi izan, kondekorazioa eman izana justifikatuz. «Benetan uste du Barne Ministerioak gobernuari prestigioa eta izen ona irabazten duela torturengatik zigortutako polizia bat sarituta?», galdetu du EH Bilduko ordezkariak.

Iñarrituk gogorarazi duenez, gainera, Kantabriako erakundeetako agintariek ere azalpenak eskatu zizkioten Espainiako Barne Ministerioari, PPk, Juan Ignacio Zoido ministro zela, Moreno Garcia izendatu zuenean Kantabriako Poliziaren buru. Baina ez da gertaera bakan bat. Agerian uzten du Estatuak hainbat hamarkadatan izan duen jokabidea, torturengatik zigorrak gauzatu direnean: indultua, kondekorazioa eta kargu hobetzea.

Erretiroa hartu baino lehen, joan den uztailean, Meritu Zibilaren Enkomienda deritzon domina ere jaso zuen Moreno Garciak. Agindu horrek «Estatuaren zerbitzura dauden langile publikoen bertuteak aitortzen ditu, eta bizikidetzaren defentsan eta guztion ondasunaren alde lan egiten dutenen lana aldarrikatzen du». Iñarrituk «bateraezintzat» jo du torturen gisako gertaera larriengatik zigortua izan den norbait saritzea, eta horretarako arrazoiak zeintzuk diren galdetu dio gobernuari.