EH Bilduk ikerketa batzorde bat sortzeko eskaera aurkeztu du gaur Kongresuan, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutako sarraskia argitzeko asmoz. Gasteizek inoiz sufritu duen langileen aurkako erasorik handiena gertatu zen orduan: bost langile hil zituzten, eta ehun baino gehiago larri zauritu; Espainiako polizia armatuak Zaramagako eliza hustu bitartean jaurtitako tiroen ondorioz hil ziren gehienak. Aurretik, baina, gaseatu egin zuten eliza greban zeuden langileek batzarra egin bitartean.
Kongresuan aurkeztutako egitasmoaren bitartez, Martxoak 3 elkarteak eginiko aldarrikapen etengabeei erantzun nahi die EH Bilduk, erantzuleei dagozkien erantzukizunak argitzeaz gain. Izan ere, 47 urte geroago, oraindik ez dute inor epaitu gertakari larri horiengatik, eta estamentu ofizialetan oraindik ere diktadura frankistak inposatutako bertsio ofiziala da nagusi, biktimak kriminalizatzen dituena.
Polizia Armatuak bost langileen hilketan izan zuen esku hartze eta erantzukizuna ikertzea da batzordearen helburu nagusia. Halaber, Espainiako Gobernuaren ezagutza, inplikazio eta erantzukizun maila argitzea, zuzenean inplikatutako ministroen (Rodolfo Martín Villa, Manuel Fraga Iribarne eta Alfonso Osorio) balizko inplikazio penala ezagutzea eta martxoaren 3ko biktimen eta euren senideen aitortzan, erreparazioan eta egiaren bilaketan aurrera egiteko baliabideak eskaintzea nahi du EH Bilduk.
Sekretupean eta zigorgabetasunean
Azken urteotan biktimek jaso duten babes instituzional eta politikoa zabala bada ere, adierazpen horiek ez dira aski izan mekanismo eraginkor bihurtzeko eta erantzukizunak argitzeko. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak edota Eusko Legebiltzarrak egia, justizia eta erreparazioa galdegin dituzte biktimentzat. Hala ere, bada salbuespen bat. «Espainiako Gobernuak bakarrik eusten dio jarrera ezkorrari: gertatutakoa argitzeari uko egiten dio oraindik», ohartarazten du EH Bilduren egitasmoak.
Uneotan, irekitako auzibide bakarra da 2010ean Maria Servini epaileak Argentinan zabaldu zuena frankismoan zehar Espainiako Estatuan egindako gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko jurisdikzio unibertsalaren printzipioan oinarrituta. Kasua ikertzen eta epaitzen saiatu den arren, inork ez du ordaindu Gasteizko sarraskiagatik. Servinik atxilotzeko agindua ere emana du diktadurako krimenengatik akusatutako 20 pertsonen aurka; tartean da Rodolfo Martin Villa ministro ohia, martxoaren 3ko sarraskiaren erantzuleetako bat. Baina Espainiako Gobernuak eta Espainiako Justiziak uko egin diote behin eta berriz kereila horri laguntzeari, eta sarraskiarekin zerikusia duten dokumentu guztiak sekretupean gorde dituzte.
Sekretismo eta zigorgabetasun mantu hori ez da desagertu 47 urteotan. Arrazoi nahikoa, EH Bilduren hitzetan, Kongresuan ikerketa batzorde bat bultzatzeko. Zertarako? Gertatutakoaren berri emango duena eta dagozkion erantzukizunak argituko dituena. Sarraskia ez ikertzearen arrazoietan sakondu nahi du indar subiranistak, martxoaren 3ko biktimentzako eta haien familientzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko baliabideak eskaintzeaz gain.
Martxoaren 3ko memoriala
Ostiralean 47 urte beteko dira Gasteizko sarraskitik. Gertatutakoaren aitortzan pausoak ematen ari diren bitartean, Zaramagako Elizan martxoaren 3ko biktimen omenezko memoriala sortzea da horren erakusle (600.000 euroko ekarpena lortu du EH Bilduk Estatuko aurrekontuetan), egia, erreparazioa eta justizia airean daude oraindik, Memoria Demokratikoaren Lege berria indarrean dagoean arren.
Horregatik guztiagatik, eta biktimen familiek, Martxoak 3 elkarteak, euskal erakundeek eta giza eskubideen aldeko nazioarteko hainbat erakundek egindako eskaerei erantzunez, EH Bilduk Kongresura eraman du ikerketa batzorde bat sortzeko proposamena, arraskiaren 47. urteurrena probestuz.