AKTUALITATEA


| 2021-05-19 10:35:00

Lan erreforma urtea amaitu aurretik indargabetuko duela baieztatu dio gaur Espainiako Gobernuak EH Bilduri, duela urtebete izenpetutako akordioa indarrean dagoela berretsita. Hala ziurtatu du Yolanda Diaz hirugarren presidenteorde eta Lan ministroak, Oskar Matute diputatuak lan erreforma bertan behera uzteko xehetasun eta epe zehatzak jasotzeko eginiko galdera bati erantzunez. Bihar, hain justu, urtebete beteko da EH Bilduk lan erreforma indargebetzeko akordioa sinatu zuenetik PSOE eta Unidas Podemosekin.

"Hitza betetzeko unea da orain". Matutek 2020ko maiatzaren 20an Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioa gogoratuz hasi du Kongresuko kontrol saioan eginiko interpelazioa, eta maiatzaren 1eko mobilizazioetan sindikatuek egindako aldarrikapenak eta leloak bere egin ditu. Matuteren hitzetan, bada garaia lan erreforma behingoz indargabetzeko: "Elkarrizketa sozialeko mahaia baztertu gabe, lan erreforma indargabetzeko unea da. Indargabetu gabe pasatzen den egun bakoitza galdutako egun bat gehiago da Estatuko osoko langileentzat, are gehiago aurrean dugun lan etorkizuna ziurgabetasunez eta prekaritatez betea dagoela jakinda". Yolanda Diazen erantzuna argia izan da: "Matute jauna, lan erreforma indargabetuko dugula aurreratzen dizut. Abenduaren amaierarako indargabetze lanak amaituta ez badaude, nik neuk men egin eta azalpenak emango ditut ganbera honetan".

Premiazko neurri zehatzak

EH Bilduren bozeramaileordeak haratago joan nahi izan du, premiaz hartu beharreko neurri zehatzak proposatuz. Ultraaktibitatea mugarik gabe luzatzea, itunen estatalizazioa amaitzea, enpresako hitzarmenen gaineko lehentasuna indargabetzea, lan espedienteak aplikatzeko administrazio publikoen baimenak berreskuratzea eta lan erreformaren aurreko kalte ordainak berreskuratzea galdegin du Matutek. "Azken boladan, justifikaziorik gabeko lan espedienteak etengabeak izaten ari dira Euskal Herrian, epaitegiek adierazi duten bezala", salatu du, PCB-ITP eta Tubacex-en kasuak gogora ekarriz.

Bere erantzunean, Diaz ministroak arrazoia eman dio Matute diputatuak egindako hitzartzeari, eta proposatutako neurriak bere egin ditu, praktikara eramateko konpromisoarekin. "PPk hautsi zuen oreka irauliko dugu negoziazioetan, egun dagoen desorekari aurre eginez. Kontratuen egonkortasuna bermatuko dugu", ziurtatu du gobernuko hirugarren presidenteordeak.

Elkarlanean aritzeko konpromiso irmoa

Matutek, halaber, indarrak batzeko deia egin du eta ezker subiraniston eskua luzatu dio Espainiako Gobernuari emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakalari amaiera emateko, gazteen prekarietateari aurre egiteko eta lana eta etxebizitza galtzeko beldurrarekin bukatzeko. "PPren lan erreformak langileria pobretu besterik ez du egin. Ados gaude esaten duzunarekin: aberastasuna sortzen dutenak langileak dira. Horregatik, argi eta garbi diogu errealitate berri baterako igarobide hori ezin dutela betikoek, langileek, ordaindu, jakin badakigulako lan merkatuan eta ekoizpenean eragin zuzena izango duten aldaketak datozela", nabarmendu du Matutek.

Iragarpenaren ostean, Lan ministroaren konpromiso eta ahaleginak goraipatu ditu EH Bilduko diputatuak, eta indargabetzea ahalik eta lasterren eta elkarlanean gauzatzeko konpromiso irmoa berretsi du. "Zuk zeuk adierazi zenuen duela astebete txio errazek bultzatutako politikak alboratzeko eta jendearen eguneroko arazoei irtenbidea emateko beharra. Bat gatoz. Eta ez zaigu ezer garrantzitsuagorik bururatzen langileen lan baldintzak aldatzea baino". Diaz presidenteordeak eskerrak eman dizkio Matuteri egindako proposamenengatik, eta EH Bilduren "ekarpen guztiak" jasotzeko prest dagoela ziurtatu du.