AKTUALITATEA


| 2025-09-17 07:12:00

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak premiazko neurriak eskatu dizkio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Europako Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko merkataritza akordioaren ondorioz euskal industriak jasango duen "kolpe gogorrari" aurre egiteko. Kongresuko kontrol saioan, Aizpuruak salatu du akordioak "Europako beharrezko autonomia estrategikorako bidea behin betiko lurperatzen" duela, eta ohartarazi Europaren "ahultasuna" eta AEBen aginduekiko erabateko menpekotasuna ziurtatzen duela. "Oso akordio txarra da: Europak bakarrik galtzen du, eta Trumpek bakarrik irabazten du".

EH Bilduren hitzetan, Europak AEBetako muga zergen ezarpena bere gain hartu izana "negozio biribila da Trumpentzat, eta hondamendia Europarentzat". "Langileek ordainduko dute, beti bezala. Ondorio horiek biziki kezkatzen gaituzte", nabarmendu du Aizpuruak.

 

Kolpea euskal industriari

EH Bilduk akordioarekin bat ote datorren galdetu ostean, Sanchezek azaldu du Espainiako Gobernuak "gogo gutxirekin" babestu zuela akordioa, "nolabaiteko desadostasuna agertuz": "AEBek aldebakarrez, justifikaziorik gabe eta modu bidegabean irekitako merkataritza gerra honen aurrean, Espainia ez da ondorio gehien pairatuko duen herrialdeetako bat. Hala ere, akordio horri erantzun dion lehen gobernua izan gara, eta Errege Lege Dekretu bat onartu genuen. Jakin badakigu, dena dela, Euskadin eragin handiagoa izan dezakeela akordioak", aitortu du.

Aizpuruak faltan bota du "irmotasun handiagoa" Espainiako presidentearen hitzetan, eta Europako erakundeetan kontrako jarrera ez azaltzea leporatu dio Sanchezi. Aizpuruak gogoratu du beste herrialde eta erakunde batzuek ahotsa altxatu dutela "menpekotasun politiko eta ekonomikoaren hitzarmenaren aurka". Joan den astean, akordio horren eraginez euskal industrian 700 milioi euroko galerak izan ditzakeela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak,. Muga-zergak %27,5eraino iristen dira funtsezko sektore batzuetan; bereziki, autogintzan. "Kolpe bat da gure ekoizpen eta lan sarearen zutabe nagusietako baten aurka, ehunka lanpostu arriskuan jar ditzakeena".