AKTUALITATEA


| 2022-12-13 10:07:00

Lan erregulazio txostenen inguruko baimen administratiboa berreskuratzea eta Lan Ikuskaritza indartzea lortu du EH Bilduk Enplegu Legearen negoziazioetan. Espainiako Lan Ministerioarekin adostutako neurriak lan erreformaren gabezia nagusietako bat zuzentzen du, eta langileei inoiz galdu behar ez zuten babes gehigarria emango die kaleratze kolektiboak saihesteko. 2012an Rajoyren lan erreformak ezabatu zuen elementu nagusietako bat da, egun indarrean dagoen lan erreformak berreskuratu ez zuena, ezkerreko indar politikoek hala eskatu arren.

Erregulazio espedienteen inguruko erabakian lan ikuskaritzak ere zeresana izatea adostu du EH Bilduk, eta Enplegu Legean txertatzea erdietsi. Ezkerreko indar subiranistaren bultzadari esker, Lan Ikuskaritzaren iritzia erabakigarria izango da kaleratze kolektiboen inguruko "arrazoi objetiboak" gainbegiratzeko eta kontrolatzeko, legean zehaztutako baldintzak betetzen ote diren aztertzeko. Langileen Estatutuaren 51.2 artikulua aldatuz txertatu dute neurria legean. Horren truke, EH Bilduk Enplegu Legearen alde bozkatu du.

 

Babes gehigarria langileentzat

Espainiako Gobernuarekin adostutako erdibideko zuzenketari esker, lan agintaritzak "nahitaez" eskatu beharko dio oniritzia Lan Ikuskaritzari, eta txosten hori hamabost eguneko epean aztertu beharko du prozeduran sartzeko, lan agintaritzari kontsulta-aldia amaitu dela jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Hain justu, onartutako zuzenketak zehazten du "Lan Ikuskaritzaren txostenak hasierako komunikazioan adierazitako kausei buruzko iritzia" emango duela.

Lan Ikuskaritzak, beraz, egiaztatu egin beharko duela aurkeztutako dokumentazioa bat datorren kaleratzeak gauzatzeko eman diren "arrazoi objetiboekin"; enpresak emandako argudioak aztertuta, ados dagoen ala ez adierazi beharko du txostenean, aintzat har dadin. Oniritzia ez emateak babes gehigarria emango die langileei enpresen erabaki bidegabeen aurrean.

 

Ikuskatzeko baliabide gehiago

Lan Ikuskaritza indartzea eta baliabide gehiagorekin hornitzea funtsezkoa da lan merkatuan oraindik ere gertatzen diren eskubide urraketei aurre egiteko. EH Bilduren ustez, botere publikoek lan eskubideen errespetuan jarri behar dute fokua, eta irmo aritu behar dira kalitatezko enplegu duinaren defentsan, milaka langile esplotazio eta prekarietate baldintzak pairatzen ari diren testuinguru honetan. Kaleratze kolektiboak egiteko bidea estutuko die enpresei.

Ezkerreko talde subiranistaren hitzetan, gainera, egungo legediak ematen diona baino zeresan handiagoa izan beharko luke Lan Ikuskaritzak. Ildo horretan doa gobernuarekin adostutako neurria, Oskar Matute diputatuak nabarmendu duenez: "Kaleratzeak egiteko arrazoi objektiboak ematen ez dituzten enpresei aurre egiteko gai izan behar da Lan Ikuskaritza, langileak auzitara jotzera ez derrigortzeko".