AKTUALITATEA


| 2022-09-07 11:47:00

Irun eta Hendaia arteko drama humanitarioari «ahalik eta azkarren» aurre egiteko EH Bilduren mozioa onartu du gaur Senatuak PSOErekin lortutako akordioari esker. Azken urtean bederatzi migranteren heriotza eragin duen krisi humanitarioari irtenbidea topatzeko ezkerreko indar subiranistak bultzatutako egitasmoak Senatuko gehiengoaren babesa erdietsi du asteazken honetako osoko bilkuran: 142 senatarik alde bozkatu dute, 105ek kontra eta lauk abstentziora jo dute.

«Europa hegoaldeko hesia gainditu dutenentzako tranpa bilakatu dira Europa barnean altxatutako hesi ikusezin eta mugak. Garrantzitsua da gai agenda politikoaren erdigunean jartzea. Egungo tratu baztertzailea alde batera uzteko, pertsona migranteei baldintza seguruak bermatzeko eta Senatuko taldeen gehiengoaren sostengua lortzeko gai izan gara gaur», nabarmendu du Idurre Bideguren senatariak, migrazioa oztopatzeko azken boladan ugaritu diren kontrol arrazistak gaitzetsita. 

Irun eta Hendaia arteko drama humanitarioari buruzko kezka irmoa adierazteaz gain, Frantziako erakundeekin elkarlanean, Europako mugetan «tragedia berriak eragozteko eta migratzaileen segurtasun baldintzak bermatzeko neurri eraginkorrak» ahalik eta lasterren bultzatzea galdegin dio EH Bilduren mozioak Espainiako Gobernuari, Bidasoa ibaiako egoerari arreta berezia eskainiz. «Erabat kezkagarria da Europako herrialdeen artean horrelako oztopo eta harresiak ikustea, zirkulazioa eragotziz eta Schengen espazioa kolokan jarriz. Non gelditu dira Europako zutabe izan zen zirkulazio askea eta Europako Batasunaren ustezko balio demokratikoak?», salatu du EH Bilduko ordezkariak.

Azken finean, asmo onetatik hitzetara igarotzeko eta harago joateko eskatu dio Bidegurenek Sanchezen gobernuari: azkartasunez, gizatasunez eta elkartasunez jokatzeko ordua da. «Non dago arduradunen gizatasuna? Norbere herritik desplazatzea ez al da pertsona guztiok daukagun giza eskubidea? Migrazio politikak Estatuen esku daude, baina betiere giza eskubideak errespetatuz egin behar da politika. Denak ez du balio», argitu du. Hurrengo urtean Espainiak Europako Kontseiluaren presidentetza izango duela kontuan hartuta, eskura dituen baliabide guztiak martxan jartzeko eskatu dio Bidegurenek, migrazioa eta migratzaileen mugikortasuna errazteko.
 

Oztopo eta arriskuz jositako igarobideak

EH Bilduko senatariaren arabera, pertsona guztiek dute beren herrialdetik irteteko eskubidea, arrazoia edozein dela. Guzti-guztiek merezi dute tratu humanitario eta solidarioa, baina Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatzen diren migranteekin ez da hori gertatzen. Kontrol selektibo eta arrazistak eta presio polizialaren areagotzea salatu du Bidegurenenek, eta eskandalutzat jo: «Zuria bazara, aurrera. Baina beltza bazara, tratua oso ezberdina da. Onartezina da. Korridore humanitario seguruak behar ditugu. Ezin dugu ontzat jo Europan giza eskubideei buruzko akordioak urratzea, ezta Europako Batasuneko barne-kontrolak migranteentzat tranpa bihurtzea ere».

Ildo horretan, EH Bilduk Espainiako Gobernuaren konpromisoa lortu du, Frantziako erakundeekin lankidetzan aritzeko eta mekanismo partekatuak garatzeko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinaren aurkako jarrerak errotik mozteko; hau da, arraza, kolore, jatorri edo identitateari lotutako jokaera baztertzaileak saihesteko. «Irun eta Hendaia arteko kontrolak EBko zirkulazio askearen amaieraren isla dira. Poliziaren kontroletan urratutako giza eskubideez ari gara, tratu baztertzaileak jasaten duten horiez», azaldu du Bidegurenek, gogoraraziz Bidasoa ibaia gurutzatzen duten pertsona gehienak Afrikatik datozela; hainbat gatazkatatik ihes egin ondoren iristen dira, Mediterraneo itsasoko bide arriskutsuenak gaindituta, bide segururik ez dutelako.