AKTUALITATEA


| 2021-06-04 15:10:00

Joan den ekainaren 2an Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan hartutako neurrien inguruan azalpenak eman ditzan, Carolina Darias Osasun ministroaren presazko agerraldia eskatu dute gaur elkarrekin EH Bilduk, ERCk, Juntsek, Pdecatek, CUPek eta BNGk.

Kexu mintzatu dira Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten indar subiranistak. «Inposizioa» salatu dute, bilera horren ostean jakinarazitako osasun neurriak «aldebakarrez eta adostu gabe» onartu zirela iritzita; are gehiago, COVID-19ari aurre egiteko hartutako erabakiak derrigorrez betebeharrekoak direla kontuan izanda.

Azaldu dute, halaber, Osasun ministroak publikoki igorritako ohartarazpenak «eskumen inbasio onartezina» direla eta «gobernu zein parlamentuetako erabaki demokratikoen aurkako eraso zuzena» direla. Neurriok lurralde bakoitzari dagozkion eskumenak errespetatzen ez dituztela deritzote. Hori dela eta, Darias ministroari eskatu diote ezinbesteko azalpen eta xehetasunak eman ditzala ahalik eta azkarren Kongresuan, eta orain arteko inposizioa eten dezala.