AKTUALITATEA


| 2021-11-18 17:39:00

Aurrekontu proiektua hobetzeko bigarren zuzenketa sorta gehitzea lortu du gaurko bozketan Euskal Herria Bildu Parlamentario Taldeak; datorren astean osoko bilkurara iritsiko dira aurrekontuak. Gaur onartutako zuzenketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: euskal herritarrentzat onuragarriak diren inbertsio ekonomikoak, tren azpiegitura zaharkituak hobetzeko lanak, geltokiak irisgarriago egiteko egokitzapenak eta Sestaoko Labe Garaiko (Bizkaia) gunea birgaitzeko proiektua aurrera eramatea.

Zuzenketa horiek guztiek bat egiten dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak amiantoaren biktimentzat konpentsazio funtsa sortzeko lortutako akordioarekin. Kalte-ordainetarako 25 milioi euro jartzea lortu du EH Bilduk aurrekontuetan, hiltzaile isil eta ikusezinak eragindako injustiziak arintzen hasteko. Gaur arratsaldean onartu da neurria: 21 diputatuk alde bozkatu dute, 11k abstentziora jo dute eta bakarrak ere ez du aurka bozkatu. Euskal gizartearen ia aho bateko aldarrikapena da honakoa, hainbat hamarkadatan kaltetuek eta elkarteek eskatua, zor historiko bat kitatzeko eta justizia egiten hasteko balio.

Zehazki, Espainiako Gobernuarekin hitzartutako neurriak Sestaoko Labe Garaiaren barnealdea birgaitzeko proiektu bat taxutzea eta gauzatzea dakar bere baitan. Bizkaiko aro industrialaren eta labe garaien aberastasunean oinarritutako proiektu bat martxan jarrita, turismoa erakartzea da asmoa. 

 

Hobekuntzak tren azpiegituretan

Tren azpiegiturei dagokienez, ezkerreko indar subiranistak hainbat zuzenketa aurrera ateratzea lortu du tren geltokien irisgarritasuna hobetzeko edota trenek eragindako zarata murrizteko. Lehenbizi, Barakaldoko Renfe C1 aldiriko tren-geltokiaren irisgarritasuna hobetzea adostu du EH Bilduk gobernua osatzen duten indar politikoekin; horretarako, sarbidea errazteko bi igogailu jarriko dituzte aurki. Bestetik, Santurtzi eta Bilboko Portuaren artean trenak eragindako eragozpenak txikitzeko neurriak hartuko dituzte; Renferen Bilbao-Santurtzi linea igarotzen da bertatik, eta orotara 2,1 kilometroko tartea osatzen du. Milioi bat euro baino gehiago dira bi zuzenketen artean.

Era berean, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bati esker, Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza linean prestazio handiko trenen zirkulaziorako eta trafiko mistorako hobekuntza eta egokitze lanen azterlan bat prestatzeko zuzenketa onartu du Kongresuko gehiengoak. Plentziako portuaren eta geltokiko zubiaren arteko zatia hobetzeko eta egokitze lanak aurrera eramateko beste zuzenketa bat ere jasoko dute aurrekontuek.

Azkenik, Gasteizko hirigunea eta Plazaolako bide berdea lotuko dituen milioi bat euroko zuzenketa bat txertatzea erdietsi du EH Bilduk, Agurain eta Irurtzun bizikleta bide baten bitartez batuko dituena. Bide hori lehendik eraikita zeuden zatiei lotuko zaie, eta horrek Araba eta Nafarroa artean bizikleta-bide berdea sortzea ahalbidetuko du, 2022ko aurrekontuen bidez gauzatuko dena.