Hondarribiko Udalak eta EH Bilduk bilera egin dute gaur, portuko kirol ekipamenduetarako lurren arazo historikoa bertatik bertara ezagutzeko eta Madrilen konponbide bat topatzeko egitasmoak adosteko; Igor Enparan Hondarribiko alkateak (Abotsanitz) Idurre Bidegurenen bisita jaso du. EH Bilduren senatariak udal taldearen eskutik aztertu ditu urteetako arazo eta oztopoak, eta konpromisoa hartu du Madrilen ere hondarribiarren interesen defentsan lan egiteko, urteetako gatazka behingoz konpontzeko eta lurrak udalaren esku uzteko. Bai Udalak eta baita EH Bilduk ere honi aterabidea emateko irtenbide berriak bilatzea hitzartu dute, eta bilera bat eskatu diote Espainiako Gobernuak gaia argitzeko.
Kontsezioa iraungita
"50 eta 60 hamarkadetan hainbat obra egin ziren gune honetan, batez ere Bidasoa ibaiaren bokalea kanalizatzeko asmoz. Obra horien ondorioz, itsasoari tokia jan zitzaion eta, era berean, kostaldearen morfologia erabat aldatu zen. Gaur egun ekidinezina da itsas lehorreko jabari publikoaren desnaturalizazioa. Beraz, ulertzen dugu ez duela zentzurik esparru hauek itsas lehorreko jabari publiko izaera izatea eta Teresa Ribera buru duen ministerioaren menpe egotea”, salatu du Bidegurenek.
Herritarrentzat zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituen gune batez ari gara, 1980an, 1995ean eta 2004an lortutako emakiden bitartez udalak kudeatu duena. "Baina gaur egun kontsezio horietariko bi iraungita daude, eta hirugarrena 2025eko otsailean iraungiko da. Beraz, gune hauek ez daude egoera administratibo egokian, eta udalak edozein gauza planteatzerakoan eragozpenak izaten ditu”, argudiatu du, alkatearen kezka bere eginez.
Gauzak horrela, 2023ko maiatzean Hondarribiko Udalak aho batez onartu zuen (Abotsaniz, EH Bildu, EAJ eta PSEren botoekin) Trantsizio Ekologikoaren ministerioari eskaera argi bat egitera. Zehazki, kostaldeei buruzko legeak agintzen duen moduan, eremu hauek itsas lehorreko jabari publikoa babesteko edo erabiltzeko beharrezkoak ez direla adierazi zuten eta, hortaz, jabari publiko horiek jaregitea, desafektatzea eta Hondarribiko Udalari doan uztea eskatu zuten. Alkateak azaldu duenez, urtebete baino gehiago igaro da ordutik, baina ez dute inolako erantzunik jaso.
Elkartrukerako txanpona
Era berean, udal gobernuak komunikabideen bitartez jakin zuen EAJk, Pedro Sanchez presidente izendatzeko inbestidura akordioan, kirol ekipamenduen lurrak udalari doan ematea adostu zuela. Baina lurralde ordezkaritzak esan die ez dagoela akordio horri lotutako lanketarik martxan. "2010etik hona akordio ezberdinen elkartrukerako txanpona izan da gai hau, baina errealitatea da 14 urte eta gero egoera bereangaudela”, salatu du Enparan alkateak.
"Lehen pauso bezala, ministerioari eskatzen diogu lehenbailehen udalarekin bildu dadila, gaia argitzeko, espedientearen egoera aztertzeko, epeetaz hitz egiteko eta udalaren premiak entzuteko. Herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanik, ezinbestekoa da tokiko gobernuak entzutea", ohartarazi du Bidegurenek alkatearen hitzekin bat eginez. Azkenik, mezu zuzena izan du hondarribiarrentzat: "Herritar guztiek jakin dezatela orain arteko zerbitzuak mantentzeko eta hobetzeko gure esku dagoen guztia egingo dugula”.