Zuzenketa sorta bat aurkeztu du gaur EH Bilduk Kongresuan Espainiako Gobernuak krisiaren aurka osatutako dekretua hobetzeko asmoz. Proposatutako neurrien artean, ezkerreko talde subiranistak gobernuari eskatu dio hipoteken gorakada mugatzea, hileko kuota jaisteko eta interes tasen igoeraren ondorioei aurre egiteko. Zehazki, hipoteka aldakorren igoera %0,5era mugatu nahi du EH Bilduk, eta neurri hori 2023ko amaierara arte luzatu.
Era berean, Mertxe Aizpurua buru duen talde parlamentarioak galdegin du amaitzear diren alokairuen kontratuak gutxienez 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzea. Energiaren arloan, berriz, kontsumitzaileen konexio-distantzia 8 kilometrora zabaltzea proposatzen du, horrek komunitate energetikoak sortzea eta autokontsumoa bultzatzea ahalbidetuko lukeelako.
EH Bilduk, halaber, galdara komunitarioak dituzten milaka familien kezka eta ezinegonean jarri du azpimarra, konponbide bat emateko asmoz. Espainiako Gobernuak, azkenean, familia horiek jasaten duten diskriminazioari amaiera emateko irtenbide tekniko bat eskaintzea onartu ondoren, EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du egungo anomalia zuzentzeko eta galdara komunitarioek azken baliabideko tarifara atxiki daitezela lortzeko, denbora mugarik eta iraupen betebeharrik gabe, familiek eskatzen duten bezala.
Hau da, ohiko kontsumitzaileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzeko eskatu du talde subiranistak. Neurria betiko ezartzea nahi du, ez soilik aldi baterako. Egungo araudiarekin, galdara komunitarioakk kontsumitzaile handitzat jotzen dituzte, eta horrek baliabide energetikoen erabilera intentsiboa duten enpresen pare jartzen ditu, kontuan hartu gabe merkatu librera jo behar duten etxebizitzei zerbitzua ematen dieten azpiegiturak direla.
Klima aldaketaren helburuak berrikustea
Horrez gain, 2023ko otsailaren 31 baino lehen, klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko legean ezarritako helburuak berrikustea, birformulatzea eta azkartzea proposatu du EH Bilduk. Berrikuspen horrek aukera emango luke legean ezarritako helburuen anbizioa handitzeko, bai eta helburu horiek lortzeko prozesua bizkortzeko ere, horretarako beharrrezkoak diren inbertsioak aurreikusiz.
Azkenik, dekretua indarrean sartu eta hiru hilabetera, EH Bilduk galdegin du epe ertain eta luzerako estrategiak aztertzen eta planifikatzen hastea autonomia-erkidegoen eskutik energia ohiturak aldatzeko asmoz. Estrategia horien helburu nagusia sektore guztietako ekoizpen eta kontsumo ereduak modu progresiboan eraldatzea izango litzateke, murrizketa, efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera lehenetsiz, izan ekoizpen eta produkzio sektoreetan, izan kontsumo sozial eta publikoen ohituretan.
Bi neurriok Espainiako Gobernuarekin adostu zituen EH Bilduk abuztuaren amaieran, energia aurrezteko dekretuaren alde bozkatzearen truke.