Hego Euskal Herriko lau herrialdetarako partidak lortu ditu EH Bilduk aurrekontuetan, trantsizio ekologikoan, kulturan, zaintzan, kirolean eta tren azpiegituretan inbertsioak txertatuta. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako udalerri eta hirientzat lehentasunezkoak diren proiektuak biltzen ditu akordioak, guztiak herritarrek hainbat hamarkadatan eskatutakoak dira. Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioari esker, aldarrikapen horien erantzun nahi izan die EH Bilduk.
Autogobernuan, osasunean, hezkuntzan, memoria historikoan eta euskararen alorrean erdietsitako aurrerapen sozial eta ekonomikoez gain, lau lurraldeetarako zuzenketak adostu ditu EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin: atzo jakinarazitako akordio politikoarekin batera, guztira 480.466.000 milioi euro bildu ditu indar subiranistak aurrekontuen negoziazioan.
ARABA
Araban, 1976ko martxoaren 3an hildako biktimen omenez memoria gune sortzeko 600.000 euroko ekarpena lortzeaz gain, EH Bilduk kulturarekiko duen apustu irmoa berretsi du Laudioko antzoki berria 2 milioi eurorekin finantzatzeko LEKU proiektuaren bitartez. Lortutako akordioak, gainera, hobekuntzak jasotzen ditu tren azpiegituretan, geltokietako irisgarritasuna hobetzeko eta Arabako hainbat herritan garraioak eragindako zaratak murrizteko.
Hain justu, Iparraldeko Autobiak Manzanosen (Erriberabeitia) eragindako eragozpenak konpontzeko, 300.000 euroko inbertsioa eskuratu du talde subiranistak Trebiñuko konderrian dagoen tarte horretan oztopo akustikoak jartzeko. Halaber, aurrekontuek 100.000 euro bideratuko dituzte Argantzungo geltokian nasa arteko pasabideak eraikitzeko, eta beste 200.000 euro Izarrako trenbide gaineko zubia egiteko, hirigunea lotzeko asmoz.
Trantsizio ekologikoari dagokionez, EH Bilduk 700.000 euroko zuzenketa bat sartzea lortu du Asparrenan bio-hondakinak tratatzeko planta bat sortzeko, Arabako Lautadako zortzi udalerriei zerbitzua emango diena. Era berean, iaz bezala, milioi bat euroko zuzenketa bat txertatzea erdietsi du EH Bilduk Gasteizko hirigunea eta Plazaolako bide berdea lotuko dituen proiektua gauzatzeko.
Agurain eta Irurtzun bizikleta bide baten bitartez batuko dituen proiektuari 2022ko aurrekontuetan ekin zion indar subiranistak, eta aurten ere ezinbestekotzat jo du bultzada ekonomiko hori errepikatzea. Bide berdea lehendik eraikita zeuden zatiei lotuko zaie, eta Araba eta Nafarroa arteko bizikleta bidea sortzea ahalbidetuko du, aurrekontuen bidez gauzatuko dena.
BIZKAIA
Bizkaian adostutako partiden artean, Arrigorriagako Mendikosoloko presaren egokitzapena nabarmentzen da, 605.000 euroko balioarekin. Inbertsio horri esker, hiri-bilbeko uholde-arazoak arindu ahal izango dira, presa jaitsiz, ibilgu zaharra berreskuratuz eta uholde-elementuak gehituz. Arrigorriagako (Bizkaia) Mendikosolo presaren egokitzapenera bideratutako 605.000 euroko ekarpena nabarmentzen da. Inbertsio horren helburu nagusia aspaldiko uholde arriskuari aurre egitea eta auzotar guztiei erabilera publiko irekia ematea da, herriarentzako ekipamendu natural berri gisa. Beste 4 milioi euro 'La Basconia' (Basauri) eraikina zaharberritzeko eta egokitzeko erabiliko dira, kultura ondasun bihurtzeko.
Bestetik, Elantxobek 3,9 milioi euro jasoko ditu goiko etxebizitzak herrigunearekin lotzeko igogailuak eta plataformak jarriz. Gainera, 1,5 milioi euro bideratuko dira Durangoko Correosen eraikina zaharberritzeko eta Kultur Etxe bihurtzeko; lehena Durangon. Proiektua arte eta gazte jardueretarako erabiliko da, herritarren aldarrikapen historikoari erantzunez.
Ondarroak, halaber, 500.000 euroko inbertsioa jasoko du Berdura Plaza berritzeko; merkatuaren ezinbesteko baldintzak bermatu eta espazioa beste erabilera publiko batzuetarako egokitzeko asmoz, estalitako espazio publikoa dela probestuta.
Tren azpiegiturei dagokienez, berriz, 600.000 euro bideratuko dira Bilbo-Santander lineara, zerbitzua hobetzeko linea horren erabiltzaileek egunero jasaten dituzten arazoak ugaritzeko asmoz. 1,7 milioi euro Arrigorriagako tren geltokia egokitzeko eta hobetzeko erabiliko dira, eta beste 200.000 euro Zalla-Aranguren tarteko trenbide pasagunea kentzeko; Balmaseda eta Bilbo lotzen dituen linean, zehazki.
GIPUZKOA
Gipuzkoan, Pasaiako Portuko Ziriza Etxea udalari eskualdatzea adostu du EH Bilduk, irisgarritasuna hobetzeko eta energia kontsumoa aurrezteko ekintzak aurrera eramateko 300.000 euro txertatuta. Eibarren Murrategi zonaldea zaharberritzeko plan berezi bat garatzeko ere 3 milioi euro lortu ditu talde subiranistak, herritarren erabilera publikora bideratzeko egokitzapen lanak egiteko.
Errenteriak milioi bat euro jasoko ditu tren geltoki alboan eraikiko den parkingaren proiektua gauzatzeko, herriko aparkaleku faltaren ondorioz dauden arazoak konpontzeko. Era berean, udalak eskatutako lursailen lagapenari behar bezala erantzuteko tramiteak hasiko ditu gobernuak. Bestalde, EH Bilduk 1,5 milioi euro lortu ditu Ibiur urtegiko ingurune naturala berreskuratzeko, biziberritzeko eta egokitzeko; Baliarraingo urtegiak Tolosaldeko eskualde osoa hornitzen du.
Gipuzkoarako lortutako partiden artean, 300.000 euro bideratuko dira Debako Sorozabal pasealekuko itsaslabarrean zainketa lanak egiteko, eta 200.000 euro Anoetako geltokiaren bidegurutzean seinaleak eta hesiak jartzeko; joan den urrian, 18 urteko gazte bat hil zen han, tren batek harrapatuta.
EH Bilduk beste 476.000 euro txertatu ditu aurrekontuetan Andoaingo N1 errepidearen egungo trazaduran aldaketak aztertzeko. Inbertsio horren helburua da egoera kaskarrean dauden espazioak biziberritzea, eta ingurumari, klimari, energia, urari eta mugikortasunari lotuta hobekuntzak lortzeko aprobetxa daitezkeen ikertzea.
NAFARROA
Ezkabako Gotorlekua memoria gune bilakatzeko lanei hasierako emateko 3 milioi euroko lehen ekarpena adosteaz gain, Irulegi mendiko indusketak finantzatzeko 300.000 euro lortu ditu EH Bilduk. Gainera, 4 milioi euro hitzartu ditu gobernuarekin, Elizondoko (Baztan) Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitza eraberritzeko eta zentroa eskualde osoari zerbitzua emango dion eredu baterantz egokitzeko, adinekoen ongizatean eta hurbiltasunean oinarrituta.
EH Bilduren bultzadari esker aurrekontuek jasotako beste inbertsio garrantzitsuetako bat Iruñeko Larrabideko atletismo pista berria eraikitzeko lortutako 4 milioi euroak dira. Azkenik, 3,75 milioi euro bideratuko dira Lesakako NA-4000 saihesbidea egiteko, ibilgailuen zirkulazioa herrigunetik aterako duena, 885.000 euro Berako NA-121 saihesbidea amaitzeko eta beste 100.000 euro udalerri bereko NA-4410 eta NA-130 saihesbideen bigarren eta hirugarren faseak garatzeko.