AKTUALITATEA


| 2026-02-25 09:09:00

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskaera argia egin dio gaurko kontrol saioan. Sekretupean eta giltzapean jarraitzen duten kasu larrien inguruko dokumentazio guztia berehala desklasifikatu dezala exijitu dio, familiek eta euskal gizarteak etenik gabe egindako eskaera historikoari bide emateko.

Kongresuan eginiko hitzartzean, Aizpuruak azaldu du gobernuak 1981eko otsailaren 23ari buruzko dokumentazioa desklasifikatzeko hartu duen erabakiak agerian uzten duela urteetan kontrakoa adierazi badute ere borondate politikoa egonez gero posible dela sekretu guztiak argitara ateratzea. "Hala frogatu berri dute", nabarmendu du Aizpuruak, argi utziz Espainiako Gobernuak jada ez duela aitzakiarik artxibo gehiago desklasifikatzeko eta argitaratzeko.

 

Otsailaren 23ko dokumentuekin soilik ez da aski

EH Bilduk positibotzat jo du otsailaren 23ko dokumentuak desklasifikatzeko gobernuak hartu duen erabakia, baina ohartarazi du "ez dela nahikoa" bestelako kasuek opakutasunean, sekretupean eta inpunitatean jarraitzen duten bitartean. Besteak beste, honako kasuak argitzeko daude oraindik:

- 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia: bost langile hil zituzten duela 50 urte.

- 1978ko sanferminetako gertaerak eta German Rodriguezen heriotza.

- Mikel Zabalzaren kasua, tortura latzen ondorioz eraila.

- Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’-ren desagerpena; argitu gabe oraindik.

- Batallon Vasco Españoli eta GALi lotutako dokumentazioa eta erantzukizunak.

 

Espainiako presidentearen hitzak ekarri ditu gogora bozeramaile subiranistak: "Demokraziek euren iragana ezagutu behar dute, etorkizun askeagoa eraikitzeko". "Hori da Euskal Herrian bilatzen duguna", gaineratu du Aizpuruak, eta azpimarratu du familiek eta euskal gizarteak eskubidea dutela zer gertatu zen jakiteko eta gerra zikinaren eta Estatu indarkeriaren inguruko egia osoa ezagutzeko.

Ildo berean, Sekretu Ofizialen lege frankista indargabetzeko eskatu du EH Bilduk, "baina ez zuek proposatzen duzuen eran sekretuak eta zigorgabetasuna beste 60 urtez mantentzen duen lege batekin ordezkatzeko".

“Otsailaren 23ko agiriekin agerian geratu da, nahi izanez gero, dokumentuak desklasifikatu daitezkeela. Egin ezazue gauza bera 1976ko martxoaren 3ko sarraskiarekin, 78ko Sanferminekin, Zabalza kasuarekin, Naparraren desagerpenarekin eta GALekin lotutako kasuekin. Familiek eta euskal gizarteak egia ezagutzeko eskubidea dugu. Ez iezaguzu uka. Desklasifikatu inpunitatea", amaitu du Aizpuruak. Bere erantzunean, duela hilabete batzuetatik Kongresuan blokeatuta jarraitzen duen Sekretuen Ofizialen legea izan du hizpide Sanchezek, argitu gabe EH Bilduk eskatutakoa egingo duen.