Tubos Reunidosen eta Aiaraldean lanpostuak mantentzeko Espainiako Gobernuak modu proaktiboan esku har dezala eskatzeko proposamena onartzea lortu du EH Bilduk Kongresuko Industria Batzordean. Parlamentuko gehiengoaren babesa jaso duen EH Bilduren legez besteko proposamena Tubos Reunidoseko zuzendaritzak kaleratzeak iragarri eta gero Kongresuan onartzen den lehenengo ekimena da. PSOErekin akordioa egin ostean atera da aurrera.
Hain justu, Aiaraldean gertatzen ari den desindustrializazio eta enplegu galeraren testuinguruan aurkeztu du ekimena ezkerreko indar subiranistak, 301 langilerentzat iragarritako EREaren ondoren. EH Bilduren Arabako diputatu Mikel Oterok langileen aldarrikapenak babestu ditu, eta gogorarazi du Tubos Reunidos eskualdeko enplegu-emailerik handiena dela: 900 lanpostu inguru ditu Amurrion, eta beste 330 Trapagaranen. Haren hitzetan, egoera honek arriskuan jartzen du industria-proiektua, baita eskualde osoa ere.
EH Bilduk bi faktore nagusi identikatzen ditu egungo egoera gaiztotuaren aurrean: batetik, muga zergak, produkzioaren erdia Ameriketako Estatu Batuetara esportatzen zuen enpresa kolpatu dutelako; eta bestetik, elektrizitatearen prezioa; bereziki puntu kritikoa industria elektrointentsiboen kasuan.
Dena den, Oteroren hitzetan, “ez Amurriok, ez Aiaraldeak ez dute zorigaiztoko egoera honen aurrean etsiko”. Tubacexena bezalako lan gatazketan eskualdean erakutsitako “antolatzeko eta erristentziarako gaitasun miresgarria” nabarmendu du, eta EH Bilduren konpromisoa agertu du “lekukoa hartzeko” eta Espainiako Gobernuaren eta gainontzeko erakundeen inplikazio ahalik eta handiena lortzeko ekimenak bultzatzen jarraitzeko.
Zehazki, EH Bilduk bultzatuta onartutako ekimenak honako hau eskatzen dio Espainiako Gobernuari:
1. Proaktiboki jardutea Tubos Reunidosen egungo krisia gainditzeko eta enpleguari eusten laguntzeko.
2. Muga zergei erantzuteko premiazko neurriak hartzen jarraitzea.
3. Industria elektrointentsiborako laguntza-mekanismoak berreskuratzea.
4. Trumpen administrazioak ezarritako muga zergen politikaren aurrean Europako Batasunean erantzun irmoa bultzatzea.
5. Europako erakundeetan proaktiboki jardutea, mugako karbono-doikuntzetan altzairuaren eratorriak sartzeko eta hirugarren herrialdeetatik datozen produktuen lehia desleiala saihesteko.
Horiek horrela, EH Bilduk ohartarazi du krisia ezin dela berriz ere langileen eta Aiaraldearen gain utzi; Tubos Reunidos defendatzea enplegu industriala, familiak eta eskualdearen etorkizuna defendatzea baita. Hori dela eta, neurri publiko guztiak benetako bideragarritasun industrialeko plan bati eta enplegua mantentzeko konpromisoari lotuta egoteko eskatu du.