AKTUALITATEA


| 2026-02-24 13:36:00

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak zuzenean galdetuko dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari euskal herritarrentzat oso garrantzitsuak diren eta desklasifikatzeko zain jarraitzen duten beste kasu batzuei buruzko dokumentuak argitara ateratzeko asmoa ote duen. «Isiltasun eta inpunitate mantua altxatzeko garaia da», adierazi du Aizpuruak Kongresuan.

Ezkerreko indar subiranistaren arabera, 1981eko otsailaren 23ko agiriak desklasifikatzea albiste ona da, baina harago jotzeko balio beharko luke: «Oraindik ere giltzapean jarraitzen duten beste kasu asko argitzeko atea ireki beharko luke, euskal gizarteak aspalditik eskatzen duen bezala».

EH Bilduk uste du aurrerapauso honek erakusten du borondate politikoarekin posible dela sekretuak altxatzea eta martxoaren 3ko sarraskiaren, 78ko sanferminen, Zabalza eta Naparraren kasuen edota GALekin lotutako dokumentuak argitara ateratzea. Hain justu, norabide horretan pauso irmoak emateko eskatu dio bihar Sanchezi.

Ildo horretan, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik nabarmendu du geroz eta dokumentu gehiago desklasifikatuta «lehenago egiaztatuko da Trantsizioaren eta 78ko Erregimenaren benetako izaera».

 

Sekretu Ofizialen Legea

Sekretu Ofizialen Lege frankista indargabetzearen alde agertu da beste behin EH Bildu, lege demokratiko eta bermatzaile bati bide emateko. Aizpuruak gogorarazi du hilabeteak daramatzatela horretan lanean. «Sakontze demokratikoarekin eta memoria historikoarekin konprometitutako gobernu batek ez lituzke giltzapean gorde behar gertatu zena argitu lezaketen dokumentuak. Baina ez lukete dena etorkizuneko lege baten menpe utzi behar. Nahi badute, posible dute hemen eta orain».