Kongresuko EH Bilduren bozeramaile Mertxe Aizpurua eta Josu Estarrona senataria Arab Barghoutirekin bildu dira astearte honetan. Arab Barghouti aktibista eta Marwan Barghouti buruzagi palestinarraren semea da. Diputatuen Kongresuan egindako bileran ERC, BNG, EAJ-PNV, Sumar, Podemos eta PSOEko ordezkariek ere parte hartu dute.
Arab Barghoutik lehen eskutik azaldu du bere aitaren egoera —24 urte daramatza Israelgo espetxeetan preso—, eta bere aldarrikapen nagusiak helarazi ditu. Horien artean, Palestinan hauteskundeak egiteko beharra azpimarratu du, zilegitasun demokratikoa izango duen parlamentu bat eratzeko eta Palestinako herriak beste estatuekin berdinetik berdinera hitz egin ahal izateko.
EH Bilduk «Free Marwan, Free Palestine» nazioarteko deialdiarekin bat egin du. Koalizio subiranistaren ustez, Marwan Barghouti askatzea ezinbesteko urratsa da konponbide politiko baterantz aurrera egiteko.
Bileran zehar, Aizpuruak eta Estarronak Euskal Herriaren elkartasuna helarazi diote Palestinako herriari. «Gure herria beti egon da Palestinako herriaren ondoan, eta hala jarraituko du. Gure begien aurrean gertatzen ari den genozidioaren aurrean, ez da nahikoa begiratzea edo deitoratzea: hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da», adierazi du Aizpuruak.