Kongresuko Berdintasun Batzordean Legez besteko Proposamen bat onartzea lortu du EH Bilduk, Espainiako Gobernuari eskatzeko neurri espezifikoak har ditzala haurdunaldia borondatez eteten duten osasun-zentroen inguruan babes-neurriak ezartzeko. Bel Pozuetak defendatutako ekimenaren helburua da emakumeek osasun-prestazio horretara modu libre, seguru, konfidentzial eta duinean sartzeko aukera izatea, presiorik eta intimidaziorik gabe.
Haurdunaldia borondatez eteteko sarbidea emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen parte da, eta osasun-sistema publikoan integratutako legezko osasun-prestazioa da. Hala ere, EH Bilduk ohartarazi du eskubide hori urratzen jarraitzen dela zenbait osasun-zentroren inguruetan, talde antolatuen presentzia jarraituaren, kartelen, otoitzen eta emakumeak seinalatzera eta estigmatizatzera bideratutako mezuen bidez.
Bel Pozuetak salatu du ez direla gertakari isolatuak, baizik eta “denboran iraunkorrak diren estrategiak”, efektu intimidatzailea eta disuasorioa sortzen dutenak. Praktika bereziki larri batzuen inguruan ere ohartarazi du, hala nola baliabide ekonomiko handiak dituzten erakundeek kliniken aurrean higiezinak erostea, handik abortatzeko eskubidearen aurkako irudiak eta mezuak proiektatzeko.
EH Bilduren ustez, bide penala ez da nahikoa izan babes erreal eta eraginkorra bermatzeko. Emakume askok ezin dute, ez dute nahi edo ez dute indarrik prozedura penal bat hasteko edo mantentzeko; horregatik, haien eskubideen bermea ezin da bide horren mende soilik egon.
Ekimenak elkarte feministek eta emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek egindako eskaerari erantzuten dio. Izan ere, aspalditik ari dira abortuaren aurkako jazarpenaren aurrean prebentzio-neurri eraginkorrak aldarrikatzen. EH Bilduk aldarrikapen hori Kongresura eraman du, Espainiako Gobernuarentzako mandatu politiko bihurtzeko.
Zehazki, EH Bilduren eskariz onartutako ekimenak Espainiako Gobernuari eskatzen dio:
Pozuetak azpimarratu du ekimen honek “ez dituela eskubideak mugatzen, ordenatu egiten dituela, bat beste baten gainetik ezartzea saihesteko”, eta defendatu du instituzioek erdigunean jarri behar dituztela “emakumeen duintasuna, askatasuna eta osasuna, baita osasun-langileen lan-baldintzak ere”.
Ildo horretan, EH Bilduk aldarrikatu du abortatzeko eskubidea presioen eta jazarpenaren aurrean babestea osasun, askatasun eta berdintasun kontua dela. “Eskubideak bermatzea ez da aukera bat, betebehar demokratikoa baizik”, ondorioztatu du Pozuetak.