EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Pedro Sanchezi eskatu dio legealdiari geratzen zaion denbora baliatzeko: paralisia gainditzeko, agenda sozial eta plurinazionala berreskuratzeko eta Estatuaren demokratizazioan aurrera egiteko.
Gobernuaren kontrol-saioan, legealdia amaitzeko, Gobernua eraisteko eta ziklo sozial eta plurinazional baterako irekitako aukera-leihoa ixteko martxan dagoen operazioaren aurrean zuhurtziaz jokatzeko eskatu du Aizpuruak. Gogorarazi du EH Bilduk ondo ezagutzen duela Guardia Zibilak, Poliziak eta Espainiako botere judizialak bestelako operazio politiko batzuetan txostenak eta sumarioak nola erabili dituzten: «Inork ez gaitu behartuko haien jardueretan eta helburuetan sinestera, ezta horiei zilegitasunik aitortzera ere».
Edonola ere, ustezko ustelkeria-praktikei buruz argitaratzen ari den informazio larria dela-eta argipenak eman ditzaten eskatu dio Sanchezi. Ustelkeria, datorren lekutik datorrela, edozein gizarteren zama handienetako bat delako», adierazi du.
Legealdia amaitutzat eman eta hauteskundeak behartu nahi dituztenen aurrean, Aizpuruak azpimarratu du EH Bilduk ez duela interes alderdikoien edo hauteskunde-interesen arabera jokatuko, euskal herritarren mandatu antifaxistaren eta langile gehiengo sozialaren beharren arabera baizik. «Ez gara gu izango bloke erreakzionarioa ezein gobernutara iristea erraztuko dugunak», adierazi du.
Hala ere, Sanchezen erantzukizunean ere egin du azpimarra: «Legealdia agortu nahi baduzu, zertarako den erakutsi behar duzu». Horretarako, egiteke dauden eraldaketa sozialak azkartzeko, eskubide eta askatasunetan aurrera egiteko eta Estatuaren errealitate plurinazionalari nazioak eta haien eskubideak errespetatuz heltzeko eskatu dio. «Erresistitzera mugatuz gero, porrota saihestezina izango da», adierazi du.