EH Bilduk, Podemosekin batera, Legez Besteko Proposamen bat erregistratu du Diputatuen Kongresuan Tubos Reunidosen egoerari eta horrek Araba eta Bizkaiko enpleguan eta industrian duen eraginari buruz. Ogasun Batzordean eztabaidatzeko aurkeztutako ekimenak Espainiako Gobernuari irmotasuna eskatu dio industria-jardueraren jarraipena bermatzeko, Amurrio, Trapagaran eta Langraiz Okako lantegiak mantentzeko eta lanpostu guztiak babesteko.
Indar subiranistak azpimarratu du Tubos Reunidos enpresa estrategikoa dela euskal industria-sarearentzat eta Araba eta Bizkaiko hainbat eskualderentzat. Honen jarraipenak ez dio enpresa jakin bati bakarrik eragiten: ehunka familiaren etorkizun industrial, ekonomiko eta soziala dago jokoan Aiaraldean, Ezkerraldean eta eragindako gainerako eremuetan.
EH Bilduren ustez, Tubos Reunidosen krisia ezin da langileen bizkar konpondu. Horregatik, ekimenak egungo egoeran erantzukizuna duten eragile guztiak inplikatzea eskatzen du, tartean SEPI, BBVA eta gainerako finantza-erakundeak.
Zehazki, Legez besteko Proposamenak Espainiako Gobernuari eskatzen dio premiazko bilera bat bultza dezala SEPIren eta enpresa-batzordeen artean; langileen ordezkaritzari enpresak aurkeztutako bideragarritasun-plana helaraz diezaiola; SEPIren zorra akzio bihur dezala; aktiboak, altzairutegia eta logistika mantenduko dituen industria-plan bat berma dezala; egungo enplegu osoa bermatu dezala; eta edozein laguntza edo mailegu publiko jardueraren eta lanpostuen mantentzera baldintza dezala. Era berean, BBVAri eta gainerako banku-erakundeei zorraren kitapena edo akzio bihurtzea eskatu die.
Enpresa-batzordeko ordezkariekin egindako bileran, Mikel Otero diputatuak gogorarazi du ekimen hau azken hilabeteetan Tubos Reunidosen etorkizunaren defentsan egindako lanaren barruan pauso bat gehiago dela. EH Bilduk gaia Kongresuko osoko bilkurara eraman du, Espainiako Gobernua interpelatu du, ekimen instituzionalak bultzatu ditu eta Ogasunarekin zein eskumena duten erakundeekin komunikazio-bideak irekitzeko harremanak ireki ditu.
“Tubos Reunidos defendatzea enplegua, industria eta gure eskualdeen etorkizuna defendatzea da. Erakundeek jardun egin behar dute Amurrion, Trapagaranen eta Langraiz Okan jarduera eta enplegua bermatzeko”, adierazi du Oterok.
EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da Espainiako Gobernua adierazpen orokorretatik konpromiso zehatzetara pasatzea. Tubos Reunidosen jarraikotasunak industria-, finantza- eta lan-arloko irtenbide bat eskatzen du, langileak sakrifikatuko ez dituena eta Arabarentzat, Bizkaiarentzat eta Euskal Herriko industria-sare osoarentzat estrategikoa den enpresa baten etorkizuna bermatuko duena.