AKTUALITATEA


| 2023-03-02 10:56:00

Manuel Fragaren omenezko oroigarri eta erretratu guztiak kentzeko eskatu du EH Bilduk Kongresuan eta Senatuan. Urriaren 20tik indarrean dagoen Memoria Demokratikoaren Legea urratzen dutela iritzita egin ditu eskaerok gaur ezkerreko talde subiranistak. Bi erakundeotako aipamen eta gorespen guztiak kentzeaz gain, Fragaren izena daraman Kongresuko aretoaren izena aldatzea ere galdegin du.

«Ordena publikoko arduraduna zen Fraga 1976ko martxoaren 3ko sarraskian. Haren jokabideak eta Francoren diktadurako gobernuetan parte hartzeak ez diote Memoria Demokratikoaren espirituari erantzuten. Beraz, ez du merezi Kongresua eta Senatua bezalako erakundeen errekonozimendu publikorik», argudiatu du talde subiranistak ostegun honetan aurkeztutako idatzietan.

EH Bilduren hitzetan, «ulertezina eta onartezina» da erakunde publikoek gorazarre egitea ministro frankista bati. Aitortza horiek Memoria Demokratikoaren Legearen aurka doazela ohartarazi du: «Fragak ez du inoren aitortza publikorik merezi, are gutxiago garrantzia politiko eta instituzionala duten erakundeena. Oroigarri eta erretratu guztiak kentzeko eskatzen diegu Kongresu eta Senatuari».
 

Esku hartzea martxoaren 3ko sarraskian

Zehazki, Kongresuak hiru koadro ditu Fragaren omenez: bata, Konstituzio Aretoan, Konstituzioaren testua idatzi zutenekin batera; bestea, Kongresuko erakusketa iraunkorrean; eta hirugarrena, Fragaren izena daraman batzorde aretoan. Senatuak, berriz, busto bat dauka hemizikloaren atarian.

Aste honetan bertan, EH Bilduk ikerketa batzorde bat sortzeko eskaera aurkeztu du Kongresuan, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutako sarraskia ikertzeko, erantzukizunak argitzeko eta Fraga Iribarne edota Martin Villa bezalako pertsonek sarraskian izan zuten esku hartzea ezagutzeko. 

«Gasteizek inoiz sufritu duen langileen aurkako eraso handienaz ari gara: bost langile hil zituzten, eta ehun baino gehiago larri zauritu, Espainiako polizia armatuak Zaramagako elizan jaurtitako tiroen ondorioz. Polizia Armatuak greban zeuden bost langile hil zituen. 47 urte geroago, baina, oraindik ez dute inor epaitu eta zigortu gertakari larri horiengatik», salatu du ezkerreko talde subiranistak.

Oro har, Polizia Armatuak bost langileen hilketan izan zuen esku hartzea ikertzea eta Martín Villa, Manuel Fraga eta Alfonso Osorio ministro ohien inplikazio zuzena ezagutzea da batzordearen helburu nagusia. «47 urteren ostean sekretismo eta zigortabetasun mantua ez delako desagertu. Biktimei egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko ordua da, ez gertatutakoa ukatzekoa», zehaztu du EH Bilduk.