AKTUALITATEA


| 2023-05-09 15:54:00

Euskal Filologiak ezagutza arlo izaten jarraituko du. Hala baieztatu dio gaur Unibertsitate Ministerioak EH Bilduri; zehazki, egunotan Euskal Herriko hezkuntza komunitatean sortutako ezinegona eta anabasa konpontzeko konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuak talde subiranistarekin, EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak Unibertsitate Ministerioko ordezkariekin izandako elkarrizketen ostean.

Ministerioak ondu zuen aurreneko proposamenetik kanpo geratu zen Euskal Filologia; ezagutza arlo izateari utziko lioke erabaki horrek eta, bereziki, irakasleei eragingo lieke. EH Bilduk eginiko presioari esker, baina, sortutako harrabotsa behar bezala argitzeko eta konpontzeko bidean jarri du gobernuak azkenean.

Azken egunotako hartu-emanean ostean, gaurko elkarrizketan bermatu dio ministerioak Pozueta diputatuari konponbidea emango diola sortutako arazoari, eskuartean duen dekretu berriak ez dezan eragin negatiborik izan unibertsitateko ezagutza arloetan, ezta Euskal Filologian, Katalan Filologian eta Galiziar Filologian ere, hiruak egoera berean baitaude. Ikasketa horiek eremu orokorrago baten parte izango dira eta, ondoren, ezagutza arloen barruan, Euskal, Katalan eta Galiziar Filologiak ezagutza arlo zehatz gisa txertatuko dituzte, ikasketei, fakultateei eta lanpostuei eragin gabe.

Horrenbestez, Joan Subirats ministroa izango da bihar, EH Bilduko diputatuak Kongresuko kontrol saioan egindako galderari erantzunez, adostutako irtenbidearen xehetasun guztiak emango dituena.