Miquel Iceta Lurralde Politikako ministroa interpelatuko du biharko kontrol saioan Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek onartutako legeen aurkako helegiteak bertan behera utz ditzatela galdegiteko. Arrazoia begi bistakoa da: gaur egun, oraindik, Hego Euskal Herriko parlamentuek onartutako 30 lege baino gehiago ditu errekurrituta Espainiako Estatuak.
Gaur Kongresuan eskainitako agerraldian, Mertxe Aizpuruak nabarmendu du badela garaia euskal erakundeen subiranotasuna errespetatzeko eta parlamentuek demokratikoki hartutako erabakiak ez oztopatzeko. "Espero dugu bere burua aurrerakoitzat duen gobernuak, teorian nazioaniztasuna aitortzen duenak, printzipio horiek errespetatzea eta aurreko gobernuek ez bezala jokatzea, eskubide sozial eta ekonomikoen aitortza praktikara eramanez", adierazi du.
EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak ohartarazi du gatazka politikoei aurre egiteko elkarrizketa eta negoziazioa lehenetsi behar direla, bide judiziala alde batera utziz; baita lege propioen aurkako helegiteen kasuan ere. "Jakin badakigu Iceta jaunak bide politikoen aldeko apustua egiten duela, baina ekintzak espero ditugu guk, ez hitz hutsalak", azaldu du Aizpuruak, eta honakoa gaineratu: "Gertaerek erakusten digutelako azken 40 urteotan gure parlamentuetako erabakiak errekurritu dituztela sistematikoki, bai PPren baita PSOEren gobernuek. Helegiteak bertan behera uzteko ordua da".