AKTUALITATEA


| 2022-05-10 18:51:00

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena berresteko eta etxeko langileen baldintza duintzeko EH Bilduren egitasmoa onartu zuen otsailean Diputatuen Kongresuak. Ezkerreko talde subiranistaren presioaren ondorioz, aste batzuk geroago, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak oniritzia eman zion neurriari, eta Kongresura igorri zuen, behin betiko berrets dezaten. Hala ere, PSOEk gaur hitzarmenaren berrespena proposatu beharrean, baliorik ez duen legez besteko proposamen bat aurkeztu du Kongresuko osoko bilkuran, 189 hitzarmenaren aplikazioa are gehiago atzeratzeko.

PSOEren erabakiak bloke aurrerakoia osatzen duten indar politikoen kritikak eragin ditu gaurko eztabaidan; besteak beste, Bel Pozueta diputatuarenak. Honela zuzendu zaio PSOEri: "Ez dakigu etxeko langileen eta zaintza lanez arduratzen diren pertsonen lan eskubideak aitortzeko eta errespetatzeko neurriak atzeratzeko modu bat den. Baina hain gai serioa ezin da erabili eztabaida hutsaletarako". Pozuetak itxaroten jarraitzen du Gobernuak behin betiko urratsa eman dezan eta premiazko neurri bat gehiago ez atzeratzeko: "Etxeko langileek espero dutena da 189 hitzarmena lehenbailehen berrestea. Asko eta asko engainatuta sentitzen dira. Ekintzak eskatzen dituzte, ez bete gabeko promesa eta atzerapen gehiago".

 

"Utzi dominak jartzeari"

Era berean, iragarpenak alde batera uzteko eta onartutakoa berresteko eskatu die Pozuetak Lan ministroari eta Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiei: "Etxeko langileak nekatuta daude promesa hutsekin eta domina politikoak jartzearekin, oraindik ezer egin ez denean. Utzi dominak jartzeari eta zentratu etxeko langileen baldintzak duintzeko erabakietan". Nafarroako diputatuak gogorarazi du Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Nagusiak 2011n aitortu zituen etxeko langileen eskubideak. "2022an gaude. Egin ezazue, iragarpen eta iragarpenen artean, emakume langileek prekarizatuta eta babesik gabe jarraitzen dutelako. Etxeko langileek langabezia saririk gabe, lan osasunik gabe eta erregularizaziorik gabe jarraitzen dute. Gobernuaren erabakiengatik daude egoera horretan, edo erabaki faltagatik, hobeto esanda", amaitu du.