AKTUALITATEA


| 2024-03-12 15:38:00

Etxebizitza herritarren kezka nagusietako bat dela jakinik, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Kongresuan, etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidea bermatzeko, neurriak kasu guztietara zabaltzeko eta erregulazioak saihesten saiatzen direnei bide guztiak ixteko. Etxebizitza bihurtu da belaunaldi gazteenentzat, baina baita adin-ertaineko pertsona eta familientzat ere, arazo handienetakoa. "Konponbide integral, eraginkor eta azkarrak behar dituen larrialdi egoera batean gaude. Aitzakiak eta atzerapenak soberan daude", ohartarazi du Oskar Matutek, EH Bilduren Kongresuko bozeramaileordeak.

Azken finean, talde subiranistak berme gehiago eman nahi dizkie herritarrei, iruzur eta abusu egoeren aurrean babesa handitzeko, kontratu mota guztiak aintzat hartuta. Egitasmoa apirilaren 9ko osoko bilkuran eztabaidatuko da. Interes tasen eta hipoteka aldakorren igoera bidegabeek jasaezina bihurtu dute egoera. Matutek salatu du oinarrizko premia bat, etxebizitza, merkatu ondasun bihurtu dutela, eta herritarrak kontrolik eta erregulaziorik gabeko merkatu basati baten menpe jarri dituztela.

"Langileen gehiengo sozialaren eta, bereziki, gazteen bizi baldintzei kalte egiten dien eredu batez ari gara. Negozioan soilik oinarritutako burbuila bat sortu dute, herritarren beharrei erantzun beharrean". EH Bilduko diputatua erantzuletzat jo ditu erakunde publiko guztiak; horrenbestez, "konponbidea bilatzeko ardura ere haiena da".
 

Besteak beste, honako neurri hauek proposatu ditu EH Bilduk:

  1. Etxebizitza larrialdia aitortzea, etxebizitza izateko eskubidea lehentasunezkoa izan dadin erakunde guztien politika publikoetan.

  2. Aldi baterako alokairuak arautzea, haien kasuistika desberdinera eta erantzuten dioten beharrizanari hertsiki egokitzeko, ohiko etxebizitzen betebehar berak izan ditzaten.

  3. Gelen errenta kontratuak arautzea. Ohiko etxebizitza osoaren kontratuen irizpide eta erregulazio berberak bete beharko dituzte.

  4. Aldi baterako alokairu eta gelen bidez egiten den iruzurrari aurre egiteko kontrolak areagotzea.

  5. Gehienez ere 6 hilabeteko epean, alokairuen errenta urtero eguneratzeko indize berria argitaratzea. Indize horrek KPIa ordezkatu beharko du, eta horren azpitik ezarri.

  6. Segurtasun juridikoa bermatzea autonomia erkidegoek eta udalek, beren eskumenak erabiliz, etxebizitza turistikoak modu eraginkorrean arautu ditzaten.

  7. Gutxienez 5 urtez jarraian herrialdean bizi izan direla egiaztatzen ez duten atzerriko inbertsio-funtsei eta jabe anitzeko inbertitzaileei etxebizitzak erostea galaraztea, higiezinak etxebizitza propiora edo ohiko alokairura bideratzeko betebeharrarekin.