AKTUALITATEA


| 2024-09-25 08:35:00

Espainiako Gobernuak "ikur frankista guztiak" kendu ditu Estatuak Euskal Herrian dituen erakundeetatik. Hala iragarri du gaur Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroak, EH Bilduk kontrol saioan egindako eskaerari erantzunez. Ezkerreko talde suberanistak, Jon Iñarritu diputatuaren eskutik, ikur frankista guztien ezabaketa bizkortzeko eskakizuna eraman du Kongresura, Gasteizko kaleetan ikusgai zegoen azken armarri frankista berriki kendu izana balioan jarri ostean.

Memoria Demokratikoaren legea onartu aurretik ere Hego Euskal Herrian 1.950 ikur kendu zituztela gogorarazi du Iñarrituk, baina haratago joateko eta egutegi zehatz bat osatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: "Jarri itzazue pilak, egin behingoz ikurren katalogo eguneratua eta jarri turboa diktadura frankista goratzen duen edozein ikur desagerrarazteko".

 

Katalogoa, urtea amaierarako martxan

Gasteizko Olagibel kaleko armarria kendu dutela baieztatu du Angel Victor Torres ministroak, eta Estatuakuskal Herrian dituen egoitzetan ez dagoela jada aztarna frankistarik. "Errolda eguneratuaren arabera, aztarna frankista guztiak kendu dira, eta hori euskal erakundeak zoriontzeko albistea da, bai egindako lanagatik eta baita erakutsitako konpromisoagatik ere. Euskal gizarteari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, frankismoaren aztarnak kentzen dituen gizarte batek justiziaren, egiaren, erreparazioaren, demokraziaren eta askatasunaren alde egiten duelako", nabarmendu du.

Memoria Demokratikoko buruak konpromisoa hartu du EH Bildurekin lan hori "eguneratzeko" eta urtea amaitu baino lehen katalogo bat egiteko araudia onartzeko, Estatu osoan oraindik dauden ikur frankista guztiak kentzeko. "Urtea amaitu baino lehen, katalogoa osatzeko araudia onartzeko konpromisoa hartzen dut. Zailtasunak egongo dira, baina urtea amaitu baino lehen onartuko dugu", ziurtatu du Torres ministroak Iñarrituren aurrean.