AKTUALITATEA


| 2022-11-02 09:01:00

EH Bilduk asteazken honetako kontrol saiora eraman du Espainiako Gobernuak eskubide eta askatasunen arloan onartzeke dituen promesak «garaiz eta behar bezala» betetzeko premia: Etxebizitza Legea, Trans Legea eta Sekretu Ofizialen Legea onartzea, Mozal Legea indargabetzea, zerga erreforma justua abian jartzea eta osasun mentalaren arloan ahaleginak areagotzea. Horiek jarri ditu mahai gainean Mertxe Aizpurua bozeramaileak, eta interpelazio zuzena egin dio Pedro Sanchez presidenteari; «gaur eta hemen» lege sozial berriak desblokeatzeko eta errealitate bihurtzeko konpromiso argia har dezala, gobernuak gehiengo parlamentario nahikoa duela gogoraraziz: «Borondate politiko kontua da».

Legegintzaldia amaitzeko urtebete eskas falta dela probestuta, zintzilik eta blokeatuta dituen legeen onarpena bizkortzeko exijitu dio Aizpuruak Sanchezi oraindik ere promesa asko falta zaizkiolako betetzeko eskubide eta askatasunen arloan. Aizpuruak, hori bai, ez ditu gutxietsi orain arte emandako pausoak, motz geratzen direla ohartarazi arren: «Ez dugu ukatzen aurrerapenak lortu direla ezkerreko gehiengo plurinazionalaren eskutik: Eutanasia Legea, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera edo Gutxieneko Soldataren igoera. Balioan jartzen ditugu neurri horiek, baina urtebete falta da agintaldia amaitzeko, eta gobernuak oraindik ez ditu agenda aurrerakoia osatzen duten lege estrategiko guztiak martxan jarri eta hitzemandako konpromisoak bete».

Aizpuruari emandako erantzunean, Sanchezek adierazi du hitzemandakoa betetzeko borondatea duela eta «gehiengo sozialen alde» hartutako konpromisoak errealitate bihurtuko dituela. Baina ekintzek kontrakoa diote: gaur-gaurkoz, gobernua eta PSOE dira lege horien onarpena oztopatzen ari direnak eta aurrerapausoak emateari uko egiten diotenak. Hala salatu du Aizpuruak: «Alokairuak arautu eta alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatuko behar lituzkeen Etxebizitza Legea blokeatuta dago. Bide bera darama eskubide eta oinarrizko eskubideen murrizketekin amaitzeko Mozal Legearen erreforma; geldirik dago». Aizpuruak gogorarazi du euskal gizartearen gehiengo zabal baten eta Espainiako Estatuko langile klaseen aldarrikapen historikoei erantzutea dagokiola gobernuari.

 

Ezinezkoa posible bihurtzen

Irmo mintzatu da Aizpurua: «Ez dugu denborarik. Bada garaia erabakitzeko lege hauek onartu nahi dituzun hitzeman zenuen terminoetan. Oinarrizko eskaerak dira bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batentzat». Egindako promesak betetzen ez baditu «milioika pertsonen etorkizuna eta gobernuarena hipotekatuko» duela ohartarazi dio Espainiako Gobernuko presidenteari: «Promesak ez betetzeak eta eskubideak ez irabazteak eskuineko alderdiei soilik egiten die mesede», salatu du Aizpuruak.

«Azken hilabeteotan etengabe esan digute ezinezkoa zela gobernuari eskatzen genizkion neurriak ezartzea eta, azkenean, eskaera horiek onartzea beste biderik ez du izan gobernuak. Fortuna handien, bankuen edo elektriken gaineko zerga ezartzetik, argindarraren prezioa mugatzeraino. Ezer ez zen posible, gure bultzadarekin posible bihurtu genuen arte. Orain berriro ere eskatzen dizugu Etxebizitza Legea onartzeko beharra zure gain hartzeko eta Mozal Legea behingoz indargabetzeko. Egin ezazu, eta ez izan zalantzarik bide horretan lanean jarraitzeko prest aurkituko gaituzula», nabarmendu du EH Bilduren Kongresuko eledunak.