AKTUALITATEA


| 2023-03-06 09:04:00

Enpresen deslokalizazioa saihesteko, laguntza publikoak itzultzeko eta lanpostu guztiak mantentzeko eskatu du EH Bilduk Ferrovialen erabakiaren ondoren. Ezkerreko talde subiranistak aurkeztutako legez besteko proposamena martxoaren 28an eztabaidatuko da Kongresuko osoko bilkuran, gainontzeko indar politikoak jarrera argi bat hartzera behartuz; gai honi buruz Kongresuan eztabaidatuko den lehen egitasmoa izango da.

Zehazki, finantzaketa publikoa lortu duten enpresen deslokalizazioa eragozteko neurriak eskatu dizkio EH Bilduk Espainiako Gobernuari. Funtsak edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko baldintza argia proposatu du EH Bilduk: jarduera osoa edo jardueraren zati bat lekuz aldatzea debekatuta egotea, egoitza soziala edo fiskala aldatzea eragotzita azken finantzaketa publikoa lortu eta bost urteetara.

EH Bilduk Kongresura eraman duen egitasmoak ezinbesteko neurriak jorratzeko eta onartzeko premia jasotzen du; deslokalizazio kasuren bat gertatuz gero, enpresak azken 10 urteetan jasotako funts edo laguntza publikoak itzultzera derrigortuta egongo dira. Halaber, egoitza soziala edo fiskala lekuz aldatzeagatik finantzazio publikoa duten enpresetamn lanpostu guztiak babesteko eta bermatzeko eskaera egin du EH Bilduk.


Neurriak, ustezko zerga abantailen aurrean

Ildo horretan, EH Bilduk gogorarazi du Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak neurri juridikoak hartu dituztela jada Europako Batasunak finantzatutako enpresek beren jarduerak deslokalizatu ez ditzaten eta egiturazko funtsetatik kanpo gera daitezen deslokalizazioa gertatu eta ondorengo zazpi urtera arte. "Erakunde publikoak behartuta daude deslokalizazioak gure sare ekonomikoan eragiten dituen ondorioei aurre egiteko bitartekoak ezartzera", nabarmendu du ezkerreko talde subiranistak.

Oskar Matute bozeramaile ondokoak ohartarazi du, gainera, ekoizpena deslokalizatzea erabakitzen duten enpresek segurtasun juridiko falta argudiatzen dutela, "jatorrizko herrialdean ez dituzten abantaila fiskalak lortzeko nahia ezkutatzeko". Premiazkotzat jotzen du Estatuek beren langileak eta, oro har, herritarrak prozesu horietatik babesteko mekanismoak izatea; izan ere, enpresen etorkizuna babesteko laguntza publikoak ematen direnean, erakundeek ezin dute beste alde batera begiratu.

Deslokalizazioek enpresa transnazionalei eragiten diete batez ere, eta gehienek egitura fiskala eta lege-arau onuragarriagoak eta malguagoak dituzten Estatuetara jo ohi dute, botere eta erabaki-guneak kanpoan kokatzeko. "Deslokalizazioaren mehatxura jo ohi dute konpainia askok soldatak murrizteko edota langileen lan-baldintzak are gehiago okertzeko", salatu du Matutek.